Bihar Berrian

Angularen etorkizuna kolokan

“Arrisku larrian” dagoen espeziea da angulena, halaxe ohartarazi dute ikerlariek. Hori ikusirik, Europako Batasunak neurriak hartzera behartu ditu gobernuak. Horixe izango da biharko ‘Bizigiro’ gehigarriko gai nagusia.

Angulen lehorreko arrantzarako erabiltzen diren zenbait tresna. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Maialen Unanue Irureta.
2019ko martxoaren 15a
13:26
Entzun

Urteak daramatzate ohartarazten: angula “arrisku larrian” dagoen espezietzat sailkatu dute ikerlariek, eta egoera irauli nahi dute, desagertuko ez bada. Euskal Herrian ez da angula maila profesionalean arrantzatzen, aisialdi gisa baizik, eta, hala ere, angula babesteko neurriek arrantzale horiei ere eragiten diete. Gai horren inguruan jardun dute Estibaliz Diaz Aztiko biologoak, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak eta aisialdiko angulen arrantzan aritzen diren hiru lagunek: guztien ikuspuntuak bilduko ditu biharko Bizigiro gehigarriak.

Memoria historikoak ere izango du tartea gehigarrian; hain zuzen, Auritz (Nafarroa) inguruetako bunkerretatik igarotzen diren hiru mendi ibilbide aurkeztu dituzte. Nico Zuazuak eta Carlos Zuzak egin dute Bunkerren ibilbideak proiektua; 1939tik aurrera eraikitako hainbat bunker ikus daitezke ibilbideetan.

Zinemaren atalean, berriz, Gontzal Agotek Dolor y gloria filmaren nondik norakoak azalduko ditu. Pedro Almodovarrek zuzendutako filmak kutsu autobiografiko handia du. Antonio Banderasek gorpuzten du filmeko protagonista, eta Asier Etxeandia, Penelope Cruz eta Leonardo Sbaraglia ere izango dira aktoreen artean.

Pantaila handitik txikira salto eginez, Rebellion telesaila jorratuko du Mikel Yarzak. Colin Teevanen sorkuntza lana Irlandako historian murgiltzen da: iraultza, gerra eta independentzia gaiak azaleratzen ditu ikus-entzunezkoak.

Astebururako proposamenik ere ez da faltako gehigarrian. Tartean, Oionen eta Moredan (Araba) egingo duten Arabako Errioxako oliba olioaren jaia izango du hizpide. Bihar eta etzi izango da zertaz gozatua, pintxo lehiaketa, olio dastatzea, musika emanaldia, dolarera bisita eta beste egingo baitituzte. Oliba olio urte bikaina izan zen iazkoa Arabako Errioxan, 90.000 litro baino gehiago ekoitzi baitzituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.