Gizarte zerbitzuak

ELAk Gipuzkoako zahar etxeen auzian "gezurretan" aritzea egotzi dio aldundiari

Sindikatuak patrolanekin hitzartutako akordioa ukatze aldera, agiriak "faltsutu" dituela deitoratu du

ELAk elkarretaratzea egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, gaur. ARANTXA IRAOLA.
arantxa iraola
2019ko martxoaren 18a
07:23
Entzun

Adierazpen gogorrak egin ditu gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan ELA sindikatuko ordezkari Txomin Lasak Gipuzkoako zahar etxeetako gatazka hizpide hartuta. Asteotan bolo-bolo zabaldu da  sindikatuak akordiorako oinarri bat erdietsi duela patronalaren zati batekin, eta aldundiak eragotzi egin duela itun hori. Diputazioak ukatu egin du hori —gaur bertan berretsi du mezu hori Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak—, baina kontrakoa erakusten duten "frogak" erakutsi ditu gaur ELA sindikatuko ordezkariak. Ondorioz, "gezurretan" aritzea egotzi dio Peñari. Are gehiago, sindikatuaren hitzak gezurtatu nahian,  aldundiak "agiri faltsu" bat ere zabaldu duela azaldu du.

Batzar Nagusietan gatazkari buruzko agerraldiak gaur goizean egin dira eta kanpoan hainbat langilek protesta egin dute. Udazkenetik dago sektorea lan baldintza hobeen eske mobilizatuta, eta hainbat greba egin dituzte. Oinarrizko baldintza batzuk betetzen ez direla eta, mahai itunean ez da eseri ELA sindikatua hilabeteotan —hark du ordezkaritzaren gehiengoa: %60—, baina aldundia jakinaren gainean zela, patronalekin elkarrizketak izan dituztela esan du gaur Lasak, eta "akordiorako oinarri on bat" erdietsi zutela. Posta elektronikoz eta telefono bidez aldundiko buruzagiekin trukatutako mezuak erakutsi ditu horretarako. Batzar Nagusien esku laga ditu.

ELA sindikatuko ordezkariaren aurretik Peñak hartu du hitza. Aldundiak greba egunetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak betearazteko eginkizuna duela gogorarazi du, eta egoiliarren "arta ona" ziurtatu behar dutela. Sindikatuei leporatu die egoilarren senitartekoak "erabiltzea" haien aldarrikapenetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.