Osasuna 3-0 Rayo Majadahonda

Osasunak eskura du igoera zuzena, 60 punturekin

Azken zortzi urteetan —hots, igoera sistema berria ezarri zenetik— batez beste 76 puntu behar izan dira Espainiako Lehen Mailara zuzenean igotzeko. Hamabi jardunaldi geratzen dira oraindik.

Juan Villarrek sartu zuen atzoko lehen gola, Sadarren. IDOIA ZABALETA, FOKU.
2019ko martxoaren 18a
07:19
Entzun

Tartea handitu du, eta lidertza sendotu. Balio handiko hiru puntu lortu zituen atzo Osasunak, Rayo Majadahondaren aurkako partida irabazita. Etxean indartsu dabiltza Jagoba Arrasateren jokalariak, eta atzo ere ez ziren atzean geratu. 3-0ekoarekin, 11. garaipena lortu zuten jarraian Sadarren, eta 60 puntu dituzte dagoeneko.

Sailkapeneko lehen postuari eusten diot, beraz, eta bigarrenarekiko aldea handituta, gainera. Granadak baino hiru puntu gehiago ditu orain Osasunak, eta Albacetek baino zazpi gehiago —hirugarren postuan da Albacete—. Azken asteetako bolada onari eutsiz gero, Lehen Mailara igotzeko moduan egon litezke Jagoba Arrasaterenak.

Igoera zuzena, eskura

Osasunak 60 puntu ditu gaur-gaurkoz eta horiei beste hiru gehitu behar zaizkie denboraldiaren amaieran, Reusen kontrako partidari dagozkionak (Kataluniako taldea hiru urtez futbol profesionaletik kanporatu zuen Futbol Liga Profesionaleko kirol diziplina epaileak urtarrilean, jokalariei ez ordaintzeagatik).

Hortaz, azken sasoietako batez bestekora iristeko, beste lau garaipen eta berdinketa bat beharko lituzke. Egingarria dirudi, besteak beste, sei lehia jokatuko baititu gotorleku bihurtutako Sadar batean. Iaz Espainiako Bigarren Mailako lehen sailkatua Rayo Vallecano izan zen, eta 42 jardunaldiren ondoren, 76 puntu batu zituen. Alegia, Osasunak une honetan dituenak baino hamasei gehiago soilik. Huesca ere zuzenean igo zen iaz Lehen Mailara, 75 punturekin.

Levante eta Girona 2017an, hurrenez hurren, 84 eta 70 punturekin igo ziren zuzenean. Alaves eta Leganes, 2016an, 75 eta 74 punturekin. 2015ean, berria, Betis eta Sporting 84 eta 82 punturekin igo ziren, eta Gironak 82 punturekin ez zuen igotzea lortu. 2014ean Eibar Bigarren Mailako txapeldun izan zen, 71 punturekin.

Granadak, berdindu

Garaipen argia izan zen atzokoa. 41. minutuan hartu zuen aurre Osasunak, Juan Villarrek area barrutik sartutako gol batekin. Atsedenaldira gol bakarraren aldearekin iritsi ziren gorritxoak, eta gogoz irten ziren zelaira bigarren zatian ere. 64. minutuan sartu zuen bigarrena Unai Garciak, eta 71.ean errematatu zuen partida Brandon Thomasek.

Hiru puntuek balio handiagoa hartu zuten Granadaren berdinketarekin. Bigarren postuan da Granada, eta hutsean berdinduta amaitu zuen Almeriaren aurkako partida. Ondorioz, hiru puntuko tartea du orain Osasunak Granadarekiko. Sailkapenari postu horietan eutsiz gero, bi taldeak zuzenean igoko lirateke Lehen Mailara, sailkapen fase jokatu beharrik gabe.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.