Pilota

Materialari buruzko kexarik ez dute igandeko finalerdirako

Kale edo balekoa izango da norgehiagoka: irabazleek finala jokatuko dute, eta galtzaileak lehiaketatik at geratuko dira. Irribarria-Zabaletak ia astebete daramate zain, apirilaren 7an finala zein bikoteren aurka jokatuko duten jakiteko.

2019ko martxoaren 21a
18:17
Entzun

Igandeko partida erabakigarrirako pilotak aukeratu dituzte, gaur, Altuna III.a-Martijak eta Elezkano II.a-Rezustak, Donostian, Atano III.a pilotalekuan. Kexarik ez dute izan, eta bi bikoteek topatu dituzte gustuko pilotak saskian.

Altuna III.a-Martijak hainbat partida erabakigarri jokatu behar izan dituzte azken asteetan, finalerako txartela erabakiko duen neurketara iristeko. Gaizki ekin zioten txapelketari, eta horren erruz, atzetik aurrera egin behar izan dute lehian segitzeko. "Duela bi hilabete goaz hil ala biziko partidak jokatzen, baina berezia da bakarra falta zaizunean, bakarra finalerako sailkatzeko edo kalean geratzeko. Inoiz ez dut izan aukerarik binakako final bat jokatzeko", esan du Altuna III.ak. Iritzi berekoa da Martija, hura ere ez baita inoiz finalean aritu.

Aldea dago Elezkano II.a-Rezustarekin. Gorabehera handirik gabeko txapelketa egin dute, eta orain, lan horri errematea eman nahi diote bigarrenez jarraian finalera iritsita, eta ahal bada, iazko arantza aterata —galdu egin zuten finala Ezkurdia-Zabaletaren aurka—. Bergararra klasikoa da jada halako partidetan, azken hiru ekitaldietan izan baita finalean: duela hiru urte, Juan Martinez de Irujorekin; duela bi, Irribarriarekin; eta iaz, Elezkano II.arekin. Irribarriarekin jokatu zuena irabazi zuen. "Oso polita litzateke laugarrenez jarraian finala jokatzea, baina oraingoz ez diot horri buelta askorik emango. Aukera polita da, eta aprobetxatu beharra dago", adierazi du.

Etzi nolako lehia espero duten galdetuta, denek erantzun bera eman dute: "gogorra". Ez zuten xehetasun gehiagorik eman. Aurkarien aurrelaria saihestea izango dute helburu bi bikoteek, baina argi dute hori bakarrik ez dela nahikoa izango. "Gu ezin gara mugatu defenditzera. Beraiek ez dute bakarrik jotzen atzean, hutsuneak sortzen saiatzen dira aurrean ere jotzen. Konfiantza osoa dut Julenengan, baina guk dominatu egin beharra dugu, bestela ez dugu irabaziko", esan du Altuna III.ak. Martijak, berriz, azpimarratu du Elezkano saihestu beharko dutela. "Azkenaldian bezala aritzen bagara, irabazteko aukera izango dugu. Errebotera pegatuta daramat zenbait partida, eta ondo defenditu naiz".

Antzeko taktika izango dute Elezkano II.a-Rezustak. "Jokin saihestu beharko dugu, baina guk ere ausart jokatu behar dugu, eta une aproposa aukeratu errematera pasatzeko", esan du aurrelariak. Atzelariak, berriz, funtsezkotzat jo du "atzean eta aurrean ondo" aritzea. Haren iritziz, "defenditzeko baino gehiago, eraso egiteko" frontoia da Atano III.a. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.