Autogintza

Auto elektrikoentzat 6.500 eurorainoko laguntzak banatuko ditu Madrilek, apirilaren 2tik aurrera

Espainiako Gobernuaren Moves planak bikoiztu egingo du ia Eusko Jaurlaritzako Renove planak eskaintzen dituenak. Bateriak kargatzeko azpiegitura ere finantzatuko du, %30 eta %40 artean.

Auto elektriko bat. LLITERES, EFE
2019ko martxoaren 26a
17:09
Entzun

Eusko Jaurlaritzak martxoan abiatu zuen Renove planaren laguntzei gehituko zaizkie Espainiako Gobernuaren Moves planarenak. Movesek ia bikoiztu egingo ditu Renoveren laguntzak. 5.500 euro arteko laguntza publikoa jasotzeko aukera izango da, eta kopuru horri gehituko zaio saltzaileak jarri beharreko beste 1.000 euroko laguntza. 6.500 euro guztira —Jaurlaritzak 3.500 euroko laguntza eskaini du auto elektrikoentzat—. Laguntza jasotzeko baldintzetako bat da beste laguntza berezirik ez jasotzea; beraz, plan baten ala bestearen arteko hautua egin beharko du erosleak. Apirilaren 2tik aurrera jarriko da indarrean Moves plana.

EEE Energiaren Euskal Erakundeak 8,3 milioi euroren laguntzak banatuko ditu guztira —Jaurlaritzarenak eta Espainiako Gobernuarenak batuta—. EEEk erosleei aholkatu die laguntzen gaineko informazioa azter dezatela erakundearen webgunean eta, ondoren, kontzesionarioan galde dezatela beren kasu partikularrari buruz. Adibide gisa, azaldu du Moves planaren laguntzarekin ibilgailu elektriko berri bat erosten duenak 5.500 euroko laguntza jaso dezakeela, baldin eta 10 urte baino gehiagoko auto bat ematen badu errepidetik erretiratzeko, eta laguntza horri 1.000 euroko laguntza gehituko diola saltzaileak.

Horrez gain, indarrean jarraituko dute gasolina edo gasoila erregai duten A ziurtagiriko ibilgailuentzako Jaurlaritzaren laguntzek. 2.000 eta 2.500 euro arteko laguntzak dira horiek, eta, kasu horietan, ez da derrigorrezkoa saltzaileek beste 1.000 euroko ekarpena egitea.

Espainiako Gobernuaren Moves planak motor elektrikoentzako eta bateriak kargatzeko azpiegiturentzako laguntzak ere jasotzen ditu. Bateriak kargatzeko azpiegituren kasuan, kostuaren %30 eta %40 artean finantzatuko du.

Eusko Jaurlaritzaren martxoko diru laguntzei esker, auto salmenta %35etik gorako hazkundea izaten ari da martxoan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.