Enpresak

Txingarrak oraindik gori Siemens Gamesan

Beste behin, Siemens Gamesaren Siemensekiko "dependentzia" gaitzetsi du Iberdrolak, haize errota egilearen akziodunen batzarrean.

Marcus Tacke eta Miguel Angel Lopez, gaurko batzarrean. LUIS TEJIDO / EFE
Irune Lasa.
2019ko martxoaren 27a
07:29
Entzun

Zenbaki gorriak atzean utzi, eta emaitza positiboak aurkezteak ez die akziodun batzar erabat baketsua ziurtatu Siemens Gamesaren arduradunei, eta, nahiz eta azken ekitaldiko kontuak onartuak izan diren, agerian gelditu da oraindik gori daudela Siemensen eta Iberdrolaren arteko gerraren txingarrak.

Siemensen eta Gamesaren arteko baturaren bi urteko ibilbide gorabeheratsuan, nolabaiteko bakea, printzipioz, abenduan iritsi zen Siemens Gamesara, orduko presidente Rosa Garciak kargua utzi baitzuen, eta haren tokia finantza zuzendariak hartu. Beraz, Miguel Angel Lopezek gaurkoa zuen lehen akziodunen batzarra, presidente gisa. Alboan izan du bi urteetan oso eztabaidatua izan den Marcus Tacke, taldeko kontseilari ordezkaria. 

2017an zenbaki gorriak eman zituen Siemens Gamesak. 2018an —otsailean ixten du taldeak ekitaldia—, berriz, 70 milioi euroren irabaziak aurkeztu ditu, eta datozen bi urteetarako lana ziurtatua du, ia 23.000 milioi euroko eskari poltsa baitu. Lopezen arabera, "aireratze zail baten ostean", Siemens Gamesak "gurutzaldi abiadura" iritsi du, eta bateratzearekin konpainia indartsu bihurtu da taldea, eskala egokiarekin globalki lehiatu ahal izateko eolikoen merkatuarentzat aurreikusten den hazkunde handian.

Tackek, berriz, azken bi urteak "zirraragarriak" izan direla esan du, eta garai zaila "gainditutzat" eman daitekeela. Tackek azpimarratu du konpainiak bere buruari ezarritako helburu guztiak bete dituela 2018an, eta etorkizun oparoa aurreikusi du "sustraiak Euskal Herrian" dituen Siemens Gamesarentzat: "Munduari behar duena saltzen ari gara; historiaren alde zuzenean gaude; une aproposean, sektore egokian". Datozen urteetan haize erroten merkatua nabarmen haziko dela azaldu du kontseilari ordezkariak, eta bereziki offshore alorra —itsasoko haize erroten sektorea, non Siemens Gamesak lidergoa duen—2025era bitartean %27 handituko dela iragarri du.

Gerraren txingarrak

Xehetasun ugari eman ditu Tackek, baina, hala ere, ez dio zehaztasun askorekin erantzun akziodunen txandan Iberdrolaren izenean —enpresaren akzioen %8 ditu— hitz egin duen Mikel Arrietari. Arrietaren arabera, Iberdrola oraindik ere "kezkatuta" dabil Siemens Gamesaren gobernu onarekin, eta taldeak Siemensekin dituen aldi baterako zenbait erosketa kontratu luzatu izana gaitzetsi du. Halakoen ondorioz, Arrietaren esanetan, "Siemens Gamesak oraindik ez du Siemensekiko independentziarik eta autonomiarik".

Zenbait erabaki Iberdrolaren administrazio kontseiluari jakinarazi gabe hartzen direla, eta hori ez zaiola ongi iruditzen ere esan du Iberdrolaren eledunak. Edonola ere, Siemens Gamesako buruzagiek bozkatzeko aurkeztutako puntuei baiezkoa eman die Iberdrolak, puntu bakar batean izan ezik. Iberdrola abstenitu egin da zuzendarientzat luzarorako pizgarriak proposatzen zituen puntuan. Arrietak azaldu duenez, Siemens Gamesako buruentzako pizgarri sistema berria praktikoki Siemensek bere zuzendarientzat duenaren berdina da, eta Siemens Gamesa Siemensen integratzeko pauso bat izan daiteke.

Iberdrolaren ordezkariak, era berean, salatu du eskatutako informazioa atzo eman ziotela zuzendaritzakoek. Marcus Tackek erantzun dio informazio eskaera hori gaurko akziodunen batzarra baino bi egun lehenago jaso zutela eta "ahalegin berezia" egin dutela atzo gaueko erantzuneko agiria lantzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.