Alderdiak

Andoni Ortuzar: "EAJk osatuko du euskal talde parlamentario bakarra Madrilen"

EAJko legebiltzarkide eta senatariak ez direla talde espainiarren artean galduko esan du, "ezta talde parlamenario fake batean, ez dakit zer alternatiba eraikitzeko".

jarraia164602.jpg
xabier martin
2019ko martxoaren 30a
07:59
Entzun

"Madrilen bizi den holliganismora" bidaliko dituen Kongresu eta Senaturako hautagaiak aurkeztu ditu Zallan (Bizkaia) Eusko Alderdi Jeltzaleak, eta Euskadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek beste alderdiengandik zer bereizten dituen azaltzeko baliatu du hauteskunde giro beteko ekitaldi politiko hori. Lehenik eta behin EAJ eta "Euskadi" lotu ditu, lehena bigarrenaren ordezkatzaile "eraginkorrena" dela nabarmentzeko, eta argi uzteko Madrilen euskal talde parlamentario bakarra egongo dela: EAJrena.

"EAJ eta euskal talde gauza bera da Madrilen", esan du. Ortuzarren ustez, berau presidente duen alderdiak ez du sekula izan hainbesteko eragina Espainian, eta argi utzi du azken legegintzaldian "Rajoyk eta Sanchezek eman dutena" ez zutela emango "EAJ sendo bat izan ez bazen". "Atera diegun guztia ez zen etorriko Euskadira ez bagina talde eraginkor bat".

Euskal Herriaz gain, Espainian ere hautagaiak dituzten alderdietan ezin dute esan "Euskadi dutela bakarrik azken helburu, EAJk esan dezakeen bezala". Alderdi espainiarrekiko aldea garbi utzi eta gero, Ortuzarrek EH Bilduri eraso dio hari izenez erreparatu gabe, baina azpimarratuta euskal hautagai batzuk "talde parlamentario fake batean" galduko direla, "ez dakit zer alternatiba eraikitzeko".

Espainian bizi den egoera politiko ezegonkorrari behin eta berriro erreparatu dio EAJko presidenteak "mehatxu" hitza sarritan ahoskatuz. "Alerta laranja" ere egon daitekeela esan du "Euskadiren autogobernuarentzat", eta hura defendatzea izango dutela helburu nagusi EAJko parlamentari eta senatariek. "Inoiz baino garrantzitsuagoa da soilik euskalduna izango den talde parlamentarioa eratzea Madrilen, eta hura ahalik eta sendoena izatea". "Euskadi ez da guretzat zeregin bat lanaldi partzialean", erantsi du, EH Bildu ERCrekin egindako akordioa gogorarazi nahian. Euskal talde bat eratzeari uko egitea "luxu bat" dela esan du, "autogobernua alerta laranjan egon daitekeelako".

Espainiako hauteskundeen logikari aurre egiten

EAJk ondo baino hobeto daki Espainiako Parlamenturako hauteskundeetan Espainia mailako logika asko zabaltzen dela botu emaileen artean, eta, horregatik, sarritan gogoratu du Ortuzarrek PSOEk, PPk eta Podemosek uko egin diotela euskal talde bat eratziari. Ciudadanos eta VOX ez ditu aipatu ere egin. "Ez daitezela haserretu esaten dugunean EAJ dela Euskadiren interesak hobekien defendatzen duen alderdia". Espainiako alderdiengandik bereizteko ardatz horrek alboan izan du beste bat beti: EH Bildurekin dauden aldeak nabarmentzearena. Eta bigarren ardatz horretan mezu nagusia izan da bakarrik euskal hautagaiez osaturiko talde parlamentario "bakarra EAJrena" izango dela. Haren lagungarri izan dira eraginkortasuna ere EAJrena dela, eta eskarmentua eta azken legegintzaldiko "lorpen zerrenda luze-luzea" Sabin Etxearenak direla, halaber.

Aitor Estebanek, EAJko parlamenturako Bizkaiko hautagaien zerrendako lehenak, hitza hartu du ondoren, eta Andoni Ortuzarrek helarazitakoa indartu du. EH Bilduri begira hasi da, nahiz eta hura ez aipatu izenez. "Irrintzi bat eta lau oihu botatzeko ez da askorik behar, baina Madril ezagutu behar duzu eragin nahi baduzu, nola funtzionatzen duen". EAJk Espainian duen eskarmentuaren karta horrekin aritu da Esteban, gogoratuz Esteban bera baino lehen, "eserleku horietan Agirre, Irujo, Ajuriagerra eta Arzallus egon direla". Bedurraren karta ere atera du Estebanek, esan duenean "egoera ezegonkorra" dagoela Espainian eta ez datozela "garai onak", iragarpen erradikalak oiko bihurtu direlako. "Gure autogobernua defendatuko dugu, gure Kontzertu Ekonomikoa, birzentralizatzeko olatuaren aurrean".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.