Laboral Kutxak 133 milioiko irabazia izan du 2018an

Kreditu kooperatibak ohiko batzar nagusia egin du Donostiako Kursaalean. Bazkideek aho batez onartu dituzte azken ekitaldiko kontuak eta kudeaketa txostena. Txomin Garcia lehendakariak ziurtatu du Laboral Kutxak "egungo sozietate ereduari" eutsiko diola etorkizunean ere.

Laboral Kutxaren ohiko batzar naguia, gaur, Donostiako Kursaalen.
2019ko apirilaren 6a
08:02
Entzun

Laboral Kutxak %10 handitu ditu irabaziak 2018ko ekitaldian, aurreko urtekoarekin alderatuta. Kreditu kooperatibak 133,7 milioi euroko irabaziak izan ditu. Arduradunek batzarrean azaldu dutenez, funts propioen gaineko errentagarritasuna %7,97koa izan da. "[Espainiako] estatuko banka osorako aurreikusten den % 6,1eko batez bestekoa baino askoz handiagoa".

Txomin Garcia Laboral Kutxako lehendakariak garrantzi handia aitortu die "eskakizun goreneko ingurunean" lortutako emaitzei. "Interes tasa apal-apalen eragina jasaten jarraitzen du sektoreak. Era berean, 2018an kreditu inbertsioaren saldoa berriro murriztu izanak eta araudiaren presioak zaildu egin dute errentagarritasunari eustea", azaldu du.

Ekitaldiko emaitza onaren oinarri nagusia jarduera komertzial handia izan da, Garciaren esanetan. Adierazi du normalizatutako kreditu berrien kopuruak nabarmen egin duela gora, bai partikularrentzat, bai enpresentzat. Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, emandako hipoteka maileguen kopuruak % 18,7ko gorakada izan du, ETE-entzako kredituen kopuruak % 18,8koa eta autonomoei eta negozio txikiei emandako zenbatekoak % 14,5koa.

Bestalde, bezeroen gestionatutako baliabideak % 3,9 hazi dira, eta nabarmen handitu dira balantzetik kanpoko baliabideak. Azken urteetako gorako joerari eutsi eta % 5,8 hazi dira inbertsio funtsak 2017tik 2018ra bitartean.

Etorkizuneko arriskuez ere mintzatu da Garcia. "Sektorearen krisia gainditu eta gero, erronka berriak ditugu aurrean, zalantzaz eta mehatxuz baina aldi berean aukeraz beteta dagoen ingurune batean egoki garatzeko eta datorrenari aurrea hartzeko gai bagara". Datozen urteetan bankuen sektorea nabarmen aldatuko dela aurreikusi daitekeen arren, kooperatibako lehendakariak ziurtatu du Laboral Kutxak "egungo sozietate ereduari eutsi" eta "bezeroarekiko harreman eta hurbiltasun eredua" sendotuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.