Esku pilota

Aimar Olaizola gabeko buruz burukoa, hemezortzi urteren ondoren

Botilerorik gabeko lehen txapelketa izango da, baita enpresek euren epaileak jarriko dituztenekoa ere. Pilotarien artean ez dago faborito nagusirik

jarraia164990.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko apirilaren 9a
17:20
Entzun

Hemezortzi urteren ondoren, Aimar Olaizolak ez du parte hartuko buruz buruko txapelketan. Gaur goizean aurkeztu dute pilotako txapelketa nagusia, eta haren hutsunea albiste izan da. Otsailean min hartu zuen eskuin hankako koadrizepseko zurdan, eta ez da iritsiko txapelketa jokatzera. “Partida egunerako osatuta egongo zen, baina ez behar bezalako baldintzetan, eta ez aurkeztea erabaki du”, azaldu du Unai Iglesias Baiko enpresako arduradunak. Final-laurdenetan egokituko litzaiokeen lekua beteko du Mikel Urrutikoetxeak, eta horrek final-zortzirenetan izango zuena Erik Jakak. Buruz buruko finala ekainaren 2an jokatuko da, Bilboko Bizkaia frontoian.

Olaizolaren hutsuneaz aparte, bi berritasun dakartza buruz burukoak aurten. Batetik, partidetan ez da izango botilerorik. Lau eta erdiko txapelketan kendu zuten botileroen figura, eta enpresa ezberdinen arteko norgehiagoketan enpresako teknikariak jarri zituzten aholkuak ematen. Kasu honetan, aukera hori ere kendu du EPELek, eta 12. eta 18. tantoetan hartu ahal diren atsedenaldi luzeetan, pilotaria aldageletara joanez gero soilik hitz egin ahalko luke teknikariak berarekin.

Epaileen figura ere aldatu egingo da txapelketa honetan. Izan ere, orain arte ez bezala, enpresek jarriko dituzte partidetako epaileak, eta ez pilota federazioak. Txapelketetan enpresez aparteko azken eragileak ziren epaileak, eta, orain, horiek ere eurek jarriko dituzte. Federazioko epaileekin zuten ituna igandean amaitu zen, eta bi aldeak ez dira ados jarri. Horren ondorioz, enpresek euren epaile taldea osatu dute.

Faborito garbirik ez

Iazko txapelketan faborito nagusiak lehen txandan erori ziren, eta taldeetako buruen izenetan hori agerian geratu da. Altuna III.a Elezkano II.a Urrutikoetxea eta Ezkurdia izango dira lau talde buruak. Txapelketa final-zortzirenetan hasiko dute, bestalde, Irribarria, Rezusta, Bengoetxea VI.a eta Jakak. Txapelketako lehen partidua apirilaren 19an jokatuko da Bastidan, Arteaga II eta Artolaren arteko norgehiagokarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.