Euskal Herriko Itzulia

Alaphilippe irabazle, Yates galtzaile

Frantziarrak irabazi du Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa eta Maximilian Schachmannek jarraitzen du lehen postuan. Australiarrak 1.11 galdu du, matxura baten erruz.

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 9a
07:05
Entzun

Berarentzat helmuga aproposa zen, eta Julian Alaphilippek (Deceuninck-Quick Step) ez du barkatu. Bera izan da indartsuena Gorraizko helmugan, eta hamar segundoko gainsariari esker, sailkapen nagusiko bigarren postura igo da. Maximilian Schachmannek (Bora) jarraitzen du lehen postuan, bost segundoko aldearekin. Liderrak garesti salduko du maillot horia. Esprint berezietako borrokan sartu da, eta lau segundo urratu ditu. 

Helmugan Bjorg Lambrech (Lotto) izan da bigarren, eta Michal Kwiatkowski (Sky) hirugarren. Omar Fraile (Astana) laugarren izan da lehen euskal ordezkaria, eta Ion Izagirre taldekidea zortzigarren helmugaratu da. Izagirre orain bosgarren dago sailkapen nagusian, liderrarengandik 23 segundora. 

Etapak sei lurbide zati igaro ditu, eta irudi ikusgarriak utzi ditu, klasiko handietan bakarrik ikusten diren horietakoak. Astanak erritmoa asko bizitu du zati horietan guztietan, eta tropela aletu du. Kaltetu nagusia Adam Yates (Mitchelton) izan da. Azken lurbidean matxura izan du, eta 1.11 galdu du helmugan. Jokoz kanpo gelditu da sailkapen nagusiko borrokatik. 

Asteazkenean hirugarren etapa jokatuko da, Sarriguren (Nafarroa) eta Estibalizko santutegiaren artean (Araba). 191 kilometroko etapa luzea da, eta litekeena da esprintean bukatzea. Bidean, Opakua gaian igoko dute, baina helmugatik 57 kilometrora dago. Azken kilometroak %4ko pendiza du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.