Nafarroaren Eguna

Charles Chaplin Baigorrin

Apirilaren 28an ospatuko da Nafarroaren Eguna, eta ostiral honetan abiatuko da Kulturaldia.

Trikitilariak, iazko Nafarroaren Egunean. ISABELLE MIQUELESTORENA
Iker Tubia.
2019ko apirilaren 10a
20:49
Entzun

Zenbait denbora Baigorrin (Nafarroa Beherea) pasa zuen Charles Chaplin zinemagileak, eta horixe gogora ekarri nahi izan du Basaizea kultur elkarteak hura jaio eta 130 urtera. 1921ean The Kid (Haurra) filma egin zuen, eta horixe da apirilaren 27an Plaza Xoko gelan ikusgai izanen dena. Xare orkestrak zuzenean joko du Chaplinek sortutako musika, filma eman bitartean. Nafarroaren Eguneko sartzea izanen da, aurreko urteetan elizan eskaini duten kontzertua bezala.

Iganderako hamaika jarduera antolatu ditu Basaizeak, "Izpegiren gonapean kantatzen duen herria erakusteko". 08:00etan askaria hartu, eta 11:00etatik aurrera merkatua eta animazioa izanen dira: dantzak, erraldoiak, txarangak, gaitariak, makilariak, trikitilariak, bertsolariak eta Karmele Galarza eta Koldobike Balentziaren irrintziak. 13:30ean ikuskizuna eginen dute plazan, eta ondoren herri bazkaria. Arratsaldean Mutil Gazteak ariko da Herriko etxe aitzinean, eta plazan talde hauek: Izaki Gardenak, Bashainarak, Kiki Bordatxo, Eskean Kristo, Diabolo Kiwi eta Holako Deluxe.

Azken urteetan, Hegoaldeko herri bat aukeratu dute elkartrukea egiteko: Tafalla (Nafarroa) 2017an, Altsasu (Nafarroa) iaz, eta aurten Segurako (Gipuzkoa) Iparra-Hegoa elkartea. Basaizeako kideek esan dutenez, "mugaz gaineko harremanak jostea" da helburua, Baztandarrekin duten "auzo harreman naturalaz gainera".

Kulturaldia

Jarduerak ez dira soilik apirileko hondarreko asteburuan izanen. Ostiral honetan abiatuko da Kulturaldia, Nafarroaren Egunaren aurretik Basaizeak antolatzen duen ekitaldi sorta. Kintoan Barna mugaz gaineko proiektuari buruzko hitzaldia emanen dute, 20:30ean, Aldudeko herriko etxean (Nafarroa Beherea). Irulegiko Irratiarekin batera antolatu dute hitzaldia. Michel Ozafrain Bankako auzapeza (Nafarroa Beherea), Mikel Gastesi Esteribarreko alkatea (Nafarroa), Michel Ernaga Urepeleko auzapeza (Nafarroa Beherea) eta Betti Bidart Baigorriko hautetsiak izanen dira, besteak beste, hizlari.

Apirilaren 17an izanen da hurrengo ekitaldia. Oier Araolaza dantzari eta ikerlariak Emazteak euskal dantzetan: gezur baten historia hitzaldia eskainiko du Baigorriko Bixentenean. 20:00etan izanen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.