Euskal presoak

Irailaren 16an hasiko dira presoen eskubideen aldeko lana epaitzen

Denera, 47 lagun daude auzipetuta Espainiako Auzitegi Nazionalean, "ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita: Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Adi eta Etxerat elkarteetakoak, Bitartekariak eta euskal presoen abokatuak. Fiskalak 601 urteko eskaera egin du, denera.

Herrira-ren aurkako operazioa salatzeko, milaka lagun irten ziren kalera Bilbon, 2014ko urrian. JON HERNAEZ / FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko apirilaren 11
07:30
Entzun

Beste makroepaiketa bat, orain, auzipetzeak egin eta hiru urtera, euskal presoen babes taldeen aurka. Atxiloketak gertatu eta bost eta sei urtera. Badago data dagoeneko: irailaren 16a. "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, 47 euskal herritar epaitzekoak dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak zortzi eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu; 601 urte, denera. Eta, bete ostean, beste lau eta zortzi urte artean zaintzapean. Horrekin batera, 117.600 euro isunetan. Epaiketak gutxienez hiru bat hilabete iraungo dutela aurreikusi dute auzipetuek.

Auzipetuek ohar batean azaldu dutenez, "estatuaren estolderietan sorturiko auzibidea" da 11/2013 sumarioa, "astakeria juridiko eta soziala". Urteotan guztiotan sinatzera joan behar izan dute hamabostean behin, eta debekatua izan dute Espainiako Estatutik irtetea. "Egoera honek gure bizitzak baldintzatu ditu".

Egozten zaizkienak beren "printzipio etiko eta politikoei" lotutako lanak direla nabarmendu dute auzipetuek: "Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea". Mundu osoan "inboluzioa" gertatzen ari dela azaldu dute, Altsasuko auzia eta Kataluniako egoera ikusita: "Epaiketaren atarian gauden honetan, aurreratu nahi dugu ez garela geldirik egongo. Epaiketa honen bidegabekeria salatuko dugu, behar den lekuan eta behar den guztietan".

2013ko irailean Herrira-ren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. Handik gutxira atera zuen EPPK-k agiria, lege baliabideak erabiltzearen aldekoa. Preso eta iheslarien aldeko urtarrileroko manifestazioaren bueltan iritsi ziren hurrengo operazioak: 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkakoa, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, azkenik, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten.

Eloy Velasco epaileak egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, "ETAren espetxe frontea" osatzen dute auzipetuek. "Erakunde terroristako kide" izatea leporatzen die ia denei. "Ondo zekiten ETArekiko egiturazko mendekotasuna zutela", dio epaileak, eta Herrira, Etxerat, Jaiki Hadi, abokatuak eta EPPKren bitartekariak "KG Koordinazio Gunean" biltzen zirela, ETAren aginduak kudeatzeko.

Auzipetze autoan, ordea, epaileak berak aitortu zuen aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko "inongo daturik". Hala ere, Velascok ziurtatu du auzipetu guztiek bazekitela "Koordinazio Taldekoek [EPPKren bitartekariek] ETArekiko menpekotasun harreman bat zutela", eta talde horiek legez kanpoko Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren hutsunea betetzen zutela.

Pieza ekonomikoa

Sumario berean, aparteko pieza batean sartu zuen Velascok auzi ekonomikoa, abokatuen eta Herrira-ren diru kontuekin lotua. Zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrira-ri.

Epaiketarako eguna jakin bezain laster, Sare herritarrak salatu du euskal presoei "dagokien lege babesa eta artatze medikoa emateagatik" auzipetu dituzte 47ak. "Guztien bizkar akusazio eta zigor ez-proportziozkoak. Sufrimendua amaitzeko garai honetan, auzi onartezina da". Gainera, hua ere gogora ekarri dute auzi horren barruan: "2015eko urtarrileko manifestazioan Sare Herritarrak bildutako dirua lapurtu zuen Guardia Zibilak, oraindik orain, itzuli ez dutena".

Auzipetuak eta fiskalaren eskaerak

ABOKATUAK

Arantza Aparicio (11 urte). Ainhoa Baglietto (11 urte). Iñaki Goioaga (11 urte). Ane Ituiño (11 urte). Amaia Izko (11 urte). Eukene Jauregi (11 urte). Jaione Karrera (11 urte). Aiert Larrarte (11 urte). Kepa Manzisidor (11 urte). Onintza Ostolaza (11 urte). Atxarte Salvador (11 urte). Alfonso Zenon (11 urte). Haizea Ziluaga (11 urte).

EPPK-REN BITARTEKARI TALDEA

Mikel Almandoz (12 urte). Asier Aranguren (12 urte). Jose Luis Campo (12 urte). Jon Enparantza (14 urte). Egoitz Lopez de Lacalle (12 urte). Aintzane Orkolaga (12 urte). Aitziber Sagarminaga (12 urte). Arantza Zulueta (14 urte). Naia Zuriarrain (8 urte).

ETXERAT

Izaskun Abaigar (11 urte). Nagore L. de Luzuriaga (11 urte).

HERRIRA

Jesus Mari Aldunberri (13,5 urte). Fran Balda (20,5 urte). Jabier Carballido (17 urte). Amaia Esnal (13,5 urte). Jose Antonio Fernandez (15 urte). Jon Garai (13,5 urte). Nagore Garcia (13,5 urte). Gorka Gonzalez (14,5 urte). Eneko Ibarguren (13,5 urte). Imanol Karrera (14,5 urte). Sergio Labaien (13,5 urte). Emilie Martin (*). Jon Mindegiaga (15 urte). Ibon Meñika (15 urte). Roberto Noval (13,5 urte). Nagore San Martin (17 urte). Oskar Sanchez (13,5 urte). Manu Ugartemendia (14,5 urte). Eneko Villegas (13,5 urte). Beñat Zarrabeitia (13,5 urte). Ane Zelaia (14,5 urte). Ekain Zubizarreta (13,5 urte).

JAIKI HADI

Fernando Arburua (11 urte). Oihana Barrios (11 urte).

"Auzi onartezina"

Sare plataformak salatu du "sufrimenduarekin amaitzeko garai honetan auzi onartezina dela" presoen eskubideen aldeko eragileen kontra abiatuko dena. "Mina areagotu eta presoen auziari aterabidea emanaz elkarbizitza erreal baten alde urratsak eman beharrean, kontrako norantzan kokatzen da epaiketa hau. Zauri berriak zabaldu eta korapiloak estutzeko baino balio ez duena. Gaurko egunean besarkada bana helarazi nahi diegu auzi berri honen parte izatea egotzi zaien guztiei eta euren senide eta lagunei", adierazi du.

Sarek nabarmendu du Euskal Herriak "konponbidean aurrera egin eta benetako elkarbizitza egoera zein bakerako urratsak emateko garaia" bizi duela. Testuinguru horretan, halako auziek ez dute kabidarik, plataformaren iritziz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.