Merkataritza

EBk merkataritza itun batez negoziatzen hasi nahi du AEBekin

Negoziazioa babestu du EBko gehiengo kualifikatuak, industriako produktuei muga zergak ezabatzeko helburuarekin

Jean-Claude Juncker eta Donald Trump Etxe Zurian, iazko uztailean. KEVIN DIETSCH / EFE
Jon Fernandez.
2019ko apirilaren 15a
07:40
Entzun

Europako Batasuneko Nekazaritza ministroek babesa eman diote gaur Europako Batzordeak joan den urtarrilean egindako proposamenari: Bruselak negoziazio fase bat abiatu nahi du AEBekin, nazioarteko merkataritza itun bat adosteko; batez ere industriako eta autogintzako muga zergak ezabatzea da helburua, eta negoziazioetatik kanpo geratuko dira nekazaritzako produktuak.

Donald Trump 2017ko urtarrilean Etxe Zurira iritsi baino lehen Brusela eta Barack Obamaren gobernua negoziatzen ari ziren TTIP merkataritza libreko ituna baino askoz akordio murritzagoa du gogoan Europako Batzordeak. Izan ere, Trumpek hasieratik baztertu zituen TTIPa eta antzeko merkataritza libreko itunak —NAFTA ere desegin eta berregin egin du Mexikorekin eta Kanadarekin, eta desegin egin zuen TPP Trans Pacific Partnership (Lankidetza Trans Pazifikoa) ere—, eta muga zergen politika abiatu du nagusiki Txinarekin, baina baita EBrekin ere.

2018an asko tenkatu da soka EBren eta AEBen arteko harreman komertzialetan. Washingtonek muga zergak jarri zizkien EBko altzairuari eta aluminioari, eta pasa den astean Trumpek iragarri zuen EBri 9.700 milioi euroren muga zergak jarri nahi dizkiola, Airbusen laguntza publikoen harira.

Frantzia, kontra

Hain zuzen ere, muga zergen tentsioa baretu asmoz erabaki dute EBko nekazaritza ministroek AEBekin merkataritza itun berri bat negoziatzeko proposamena babestea. Hori bai, babesa ez da erabatekoa izan: gehiengo kualifikatuaren babesa jaso du negoziazioen proposamenak. Hau da, EBko 28 herrialdeetatik hamaseik babestea nahikoa izan da, gutxienez batasuneko herritarren %65 ordezkatzen dituzten ordezkarien babesa.

EBko iturriek EFE berri agentziari adierazi diotenez, Frantziak ez du babestu negoziazioak hastea; Espainiak, aldiz, bai. Hori bai, Luis Planas Espainiako Nekazaritza ministroak adierazi du nekazaritzako produktuak negoziazioetatik "erabat kanpo" geratu behar direla, eta Parisko ituneko konpromisoak errespetatu behar direla. Frantziak, besteak beste, Parisko itunagatik ez ditu babestu negoziazioak, AEBek ez dutelako babesten Parisko Ituna.

Klima aldaketari buruzko akordio hori 195 herrialdek onartu zuten 2015eko abenduan Frantziako hiriburuan, baina 2017an Trumpek uko egin zion itunari, eta AEBak akordiotik atera zituen. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ez du merkataritza itunik egin nahi Parisko ituna onartzen ez duten herrialdeekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.