Enpresak

CIAk Huaweiren "arriskuaz" ohartarazi dio Erresuma Batuari

The Times-ek kaleratu du AEBetako inteligentziak hainbat agiri helarazi dizkiola Londresi erakusteko konpainia teknologiko hori Txinako espioitza zerbitzuek finantzatu dutela.

Erabiltzaile bat Huawei denda baten alboan. TONI ALBIR / EFE
xabier martin
2019ko apirilaren 20a
08:10
Entzun

Joan den urtean abiarazi zuen Trump administrazioak Huawei Txinako komunikazio konpainiaren aurkako alarma. Pekinekin lotu zuen, eta haren alde espioitza egiteko tresna zela zabaltzen hasi zen Etxe Zuria. Orain gehiago jakin da Txinaren eta AEBen arteko gerra ekonomikotik banatzea ezinezkoa den auziaz: CIAk hainbat agiri igorri zizkion Erresuma Batuari Huawei eta Txinako Gobernuaren arteko loturak erakusteko. "Froga" horiek erakutsiko lukete Huawei Txinako espioitza zerbitzuek finantzatu dutela, eta interneten nabigatzeko 5G teknologia Pekinen alde balia dezaketela.

Five Eyes Clubeko beste lau kideei helarazi dizkie agiri horiek Washingtonek: Australiari, Zeelanda Berriari, Erresuma Batuari eta Kanadari. Hain zuzen, herrialde horretan atxilotu zuten iaz Huaweiko zuzendaritzako kide bat, eta Pekinek Kanadako hainbat enpresariren atxiloketekin erantzun zuen.

Milaka milioi euroko negozioa jokoan

Kontua da 5G teknologia hedatzen hasi dela Europan bezala munduko beste eremu askotan, eta milaka milioi euroko negozioa dagoela jokoan. Huawei bigarren smartphone marka salduena da jadanik, Samsungen atzetik eta Appleren aurretik. CIAk dio Huaweik 5G teknologia berriaren softwarean sartzeko bide bat eman ahal diola Txinako Gobernuari, atzeko atetik.

Londresek, bitartean, asmoa azaldu du 5G sarea instalatzeko erabakia berraztertzeko. Segurtasun Nazionaleko Kontseiluan ekingo dio gaiari. Londrese seguru jakin nahi du "inor ez dela ahaltsuegi bihurtuko", konpainia teknologikoei erreparatuz, eta Huaweiren inguruko susmoen harira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.