Futbola-Bigarren Maila

Osasuna, igoeratik gertuago (1-2)

Osasunak urre gorrizko garaipena lortu du Elxen, aurkariak gol aukera garbi pila bat huts egin dituelako.70 ditu, atzetik dituen bi taldeak baino sei gehiago eta Reusen aurkakoak biltzeke ditu.

Osasunako jokalariak garaipen bat ospatzen, sasoi honetako partida batean. IñIGO URIZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 22a
07:52
Entzun

Elx. Badia, Tekio, Dani Calvo, Neider, Juan Cruz, Karim (Manolin, 70. min.), Josan, Javi Flores, Nino (Castro, 83.min.), Ivan Sanchez (Borja Martinez, 84. min.) eta Qasmi.
Osasuna. Ruben, Nacho Vidal, David Garcia, Oier, R. Torres, C. Clerc, Ruben Garcia, Unai Garcia, Brandon (Aridane, 89. min.), Kike Barja (Villar, 77. min.) eta Luis Perea  (Merida, 67. min.).
Golak. 1-0: Ivanek (7. min.); 1-1: David Garciak (60.min.); 2-1: Roberto Torresek (86.min.).
 Trujillo Suarez. txartel horiak Elxeko Qasmi eta Tekiori; eta Osasunako David Garciari.
Bestelakoak. 10.741 ikusle Martinez Valero estadioan. Tartean, 400 bat osasunazale.

Osasunak haizea oso alde du. Txapeldun izaten diren, edo mailaz igotzen amaitzen duten talde horien zortearen babesa du. Bestela ezin daiteke ulertu nola irabazi zuen atzo Elxen zelaian. Ez da exagerazioa. Aurkariak sartu zuen lehen gola, eta gero dozena erdi aukera oso garbi huts egin zituen. Osasunak, aldiz, ia ez zuen aukerarik sortu, eta bi gol sartu zituen. Lehena arraroa, eta bestea bikaina, 86.minutuan. Gauzak hala, kalkulagailua atera behar da. Beste garaipen bat nahikoa izan daiteke Lehen Mailara igotzeko, Reusen puntuak biltzeke dituelako Osasunak, Granadak, eta Albacetek, aldiz, gehituak dituzte. Larunbatean Albaceteri irabazten badio, igoeraren hiru laurdenak eginak egongo dira.     
Partida oso gaizki hasi zen Osasunarentzat. Elxek bere lehen aukeran sartu zuen gola (7. min.). Gol ederra gainera. Ivan Sanchez eskuin hegaletik sartu zen areara, erdira iskin egin, eta baloia bigarren zutoinera gurpil handiz bidalita aurreratu zuen bere taldea. Gorritxoek korrontearen aurka egin beharko zuten arraun.
Golari ondo erantzun zion Osasunak, eta hogei minutuz partida kontrolatu zuen, baina ez zuen baliatu. Hori gutxi ez, eta minutuak pasa hala Elx handitzen joan zen. Osasunaren presioa ez zen eraginkorra, eta baloiak galtzen hasi zen. Bitartean Elxen hegalekoak area zapaltzen ari ziren, eta etxekoek hiru gol aukera garbi izan zituzten lehen zatiko azken hamabost minutuetan. Hiruetan kale egin zuten. Azkenekoa Josanek, berekoiegia izateagatik.  
Bigarren zatiko gidoia antzekoa izan zen.Elxek arrisku handia sortu zuen, aukera asko huts eginez, baina golak Osasunak sartu zituen. Lehena David Garciak, Elxen atzeko lerroak gaizki urrundutako falta baten aldaratzean (60.min.); eta bigarrena, betikoak: Roberto Torresek (86.min.). Falta baten ostean ia angelurik gabe gelditu zen area barruan, eta hala ere bolea bikaina harrapatu zuen. Harrobiko jokalariei esker eman zien buelta partidari. Osasuri Lehen Mailaren usaina dario.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.