Lan osasuna

Lanean hildako langileen kopurua %20 handitu da 2018an, ELAren arabera

Azken sei urteetako daturik okerrenak aurkeztu ditu sindikatuak, eta 2012tik izandako hildako gehien kontatu ditu istripuetan. Lan ikuskaritzaren gabezia dagoela nabarmendu du ELAk.

jarraia165488.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko apirilaren 23a
07:11
Entzun

Lan istripuen inguruko datu ofizialen eta sindikatuek eman ohi dituztenen artean beti egon ohi da aldea, baina, 2018ari dagokionez, %30eko azpirregistroa atzeman du ELAk. Iaz beharrean ari zirela hildako langileen aldean topatu du alde hori sindikatuak: 47 kontatu dituzte Osalanek eta Nafarroako Lan Osasunaren institutuak, eta 67, berriz, ELAk. Sindikatuak 2017ari dagokionez dituen datuekin alderatuz gero, %20ko igoera. “Terminologia arazo bat dago honen guztiaren atzean, hemen ez baitago zoririk, hemen prebentzio falta dago, prekaritateak eragindako errealitate bat”, azaldu du Peio Igeregi lan osasuneko arduradunak.

Lan gaixotasunei dagokionez, sindikatuak esan du datu ofizialek ez dutela errealitatea erakusten, eta, hala ere, laneko osasun institutuek erregistratutako gaixotasunak %6,5 egin zuten gora iaz. ELAren arabera, “deigarria da estatistika ofizialek agente kantzerigenoek sortutako laneko gaixotasunen inongo daturik ez dutela jasotzen”. Kontuan hartuta, gainera, amiantoaren eraginez sortutako gaixotasunen ondorioz 34 langile hil zirela iaz.

Egoerari buelta emateko, Igeregik konpromiso handiagoa eskatu die erakundeei. Batetik, “prekaritatea bultzatzen duen patronalari aurre egin diezaiola eta ez dezatela babestu”, eta horrela prebentzio arloan neurri gehiago har ditzatela presio egin diezaioten. Bestetik, harrigarria iruditu zaio hauteskunde kanpainan autobide baten transferentziari halako oihartzuna eman izana, eta ez lan ikuskaritzaren konpetentzia eskatzeari. “Europako batez bestekoarekin alderatuz gero %60 ikuskari gutxiago dauzkagu, eta ez dugu hemen erabakitzen zenbat ikuskari egongo diren”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.