Azpiegiturak

IAT zentro gehiago zabalduko dituzte Gipuzkoan eta Bizkaian

Beasainen, Zarautzen, Sopelan eta Zallan zabalduko dituzte IAT gune berriak. Jaurlaritzak iragarri du informazio espedientea zabalduko diela Irun eta Urnietako zentroei.

Urnietako IAT zentroa, artxiboko argazki batean. IDOIA ZABALETA, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 2a
16:26
Entzun

Azken hilabeteetan, IAT ibilgailuen azterketa teknikorako guneetan arazoak izan dira ordua hartzeko. Gipuzkoan, Urnieta eta Irungo zentroetan, hainbat hilabeteko tartearekin ematen dituzte orduak. Horrek jende askok Nafarroara jotzea eragin du, eta han ere ilara luzeak sortu dira. Horiek hala, neurriak iragarri ditu Jaurlaritzak.

Berehalako neurriak hartuko dituzte Gipuzkoan eta Araban. Laugarren lerro bat zabalduko dute Bergarako IAT gunean, Urnieta eta Irungo zentroetatik datorren ezohiko lan kargari erantzuteko. Zarautzen, berriz, hiru lerroko behin-behineko gune bat zabalduko dute, aurrerago behin betikoa izango dena. Gasteizen ere lau lerrotik seira igaroko dira Jundizko industrialdean dagoen gunean.

Horretaz gain, zentro bat zabalduko dute Beasainen, Gipuzkoan, eta bi Bizkaian, Zallan eta Sopelan. Azken horiek abian jartzeko denbora gehiago beharko dutela ohartarazi dute Jaurlaritzako iturriek.

Irun eta Urnietako zentroen inguruko ikerketa ere zabalduko du Jaurlaritzak. Javier Zarrionaindia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak onartu du ibilgailuen azterketak egiteko araudia Europa osoan zorroztu dela, baina nabarmendu du ez dela ulergarria azterketa bera egiteko Bergaran hamar minutu behar izatea eta Irunen eta Urnietan 18 edo 20.

Zarrionaindiak iritzi dio ez dagoela denbora gehigarri hori justifikatzen duen arrazoirik. "Urnietako eta Irungo jardueraren beherakada 2018ko maiatzean hasi zen nabaritzen, baina are handiagoa izan da azarotik aurrera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.