Ardoa

Eusko Jaurlaritza ez dator bat ABRAren aldaketekin

ABRA Arabako upategi txikien elkartea ABE Euskadiko Upategien Elkartea bihurtu da. Arantxa Tapia Garapenen Ekonomikoko sailburuaren ustez, Arabako Errioxa marka bazterrera uztea "ez da estrategia egokia". Elkartearen hurrengo batzarrak "gauzak argitzea" espero du. 

Arabako Errioxako 109 upategi txiki eta mahastizain daude ABRA elkartean. RAUL BOGAJO / FOKU
Irune Lasa.
2019ko maiatzaren 3a
10:04
Entzun

Arabako Errioxako 109 upategi eta mahastizainek osatutako ABRA elkarteak Arabako Errioxa izena utzi eta Euskadi hartzea erabaki du orain gutxi. ABE Euskadiko Upategien Elkarteak izen berria eta proiektu berria ditu orain, elkartera bildu nahi baititu txakolin sor-marketako ekoizleak eta sagardogileak ere. Baina aldaketa horiek ika-mika handia sortu dute, erabakia hartzeko modua bera ere auzitan jarri baitute ABRAko hainbat kidek; besteak beste, horiek erabakitzeko batzarrean soilik hogei kide izan zirelako.

Elkartearen erabakiaz eta ika-mikaz galdetu diote gaur Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuari Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, eta sailburuak nahiko argi adierazi du Jaurlaritzak ez duela aldaketa atsegin —Arabako Aldundiak ere kritikatu du elkartearen jokaera—. "Elkarte pribatu bati buruz ari gara, eta, beraz, izena aldatzea erabaki pribatua da erabat", erantzun dio Tapiak Alderdi Popularrak egindako galderari. Hori bai, berehala argitu du Jaurlaritzak aldaketaren berri prentsaren bidez jakin duela. "Hilabete bat lehenago egin genuen bilera elkarteko buruzagi berriekin, eta horrelako aldaketa bat ez zen aipatu inongo momentutan".

Elkartearen izen berriari buruz, Ekonomiaren Garapeneko sailburuaren ustez, Arabako Errioxa marka bazterrera uztea "ez da estrategia egokia". Aitzitik, uste du "mundu globalizatu honetan estandarizazioak balioa galtzea" dakarrela eta "ulertezina" zaio izendapen propioari uko egitea. Arabako Errioxa marka eta haren espezifikazioa "bultzatu egin behar dira, ez ezkutatu", esan du Tapiak.

Arabako Errioxako upategiek txakolin sor-markekin eta sagardogileek elkarte bakarra osatzen aukeraz, sailburuak uste du halako elkarte bat "haien guztien borondatez" sortu beharko litzatekeela eta ez soilik alde bakar baten ekimenez.

ABEk batzarra egin zuen atzo, eta bilkuraren ostean aldaketak eta proiektu berriak aurrera jarraitzen duela adierazi zuen zuzendaritzak. Dena den, atzoko batzarrean zenbait bazkidek beste bozketa bat eskatu zuten, eta zuzendaritzak beste batzar batera deitzeko konpromisoa hartu duela azaldu zuten. Batzar hori aipatu du Arantxa Tapiak berak gaur legebiltzarrean, eta "gauzak argitzeko baliagarria" izango dela gaineratu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.