Enpresak

Zegonak aldatu egin du Euskalteleko bere kontseilaria

Jose Miguel Garcia, Jazzteleko kontseilari ordezkari ohia, da orain funts britainiarraren gizona Euskaltelen. Euskal konpainiak diru sarrera txikiagoak izan ditu lehen hiruhilekoan iaz epe berean baino.

Euskaltelen zuzendaritza azken akziodunen batzarrean. MIGUEL TOñA / EFE
Irune Lasa.
2019ko maiatzaren 7a
07:29
Entzun

Zegonak beste pauso bat eman du Euskaltelen. Funts britainiarrak aldatu egin du Euskalteko kontseiluan zuen kidea eta pisu handiko beste exekutibo batek hartu du Robert Samuelsonen tokia. Jose Miguel Garcia kontseilari berriak, besteak beste, Jazztel telekomunikazio konpainia espainiarren kontseilari ordezkaria izan zen bederatzi urtez (2006-2015), Orangek hura erosi aurretik.

Garcia Euskaltelen balizko ibilbide berriaren gidari izatea litzateke Zegonaren asmoa, Espainiako egunkari ekonomikoen arabera; Garciaren lidergopean egitea euskal telekomunikazio taldeak bere Espainiako zabalkundea, ziurrenez Virgin markarekin. Funts britainiarrak ez du bere asmorik ezkutatu, gutxiago Euskaltelen akziodun nagusi —kapitalaren ia %21arekin— bihurtu denetik. Hori bai, ofizialki behintzat, Zegonak oraingoz ez du lortu pisu handiagorik euskal taldearen gidaritzan. Kontseilari nahiago lituzke Euskaltelen, baina oraingoz, kontseiluko kide bat beste batengatik ordezkatzea erdietsi du soilik.

Kontseilari aldaketaren berri CNMVra bidalitako jakinarazpenean eman du Euskaltelek. Agiri berean 2019. urteko lehen hiruhilekoko emaitzen berri ere eman du, nahiz eta irabazi kopururik ez argitu. Urtarriletik martxora iazko epe berean baino sarrera txikiagoak izan ditu Euskaltelek, 171,7 milioi eurokoak (-4,9 milioi). Konpainiaren EBITDA —interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabazia— 81,1 milioi eurora apaldu da (-3,1 milioi); eta kutxako fluxu operatiboa ere txikiagoa izan da, 46,5 milioi eurokoa (-3,8 milioi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.