Rubalcabaren heriotza

Sanchez: "ETAren terrorismoaren amesgaiztoari amaiera eman zion"

Alfredo Perez Rubalcabaren heriotzaren berri izan orduko hasi dira iristen erreakzioak. Espainiako Kongresuan jarriko dute hil kapera, 20:30etatik aurrera, bihar iluntzera arte.

Espainiako errege-erreginak Rubalcabaren hil kaperan, gaur, Madrilen. JP GANDUL / EFE
2019ko maiatzaren 10a
20:29
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak doluminak helarazi dizkie familiari eta PSOEko kideei, Perez Rubalcabaren heriotzaren berri izan orduko. "Alfredo bokazio politikotik gizartearen zerbitzura aritutako pertsona konprometitua izan da. Pertsona langile eta nekaezina, bere printzipioetan irmoa eta elkarrizketara irekia. Urtetan zehar harreman estua izan dugu, bakearen eta bizikidetzaren aldeko borrokan izandako une zailak tartean. Pertsonalki oroituko dugu urriaren 20a heltzen den bakoitzean. Amaiera triste honetan, aitortu nahi dugu bere lana beti partekatu dugu ideal baten alde. Goian bego".

Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak "dolumin sentituenak" helarazi dizkio Perez Rubalcabaren familiari. "Urte biziak Espainiako Kongresuan, eta miresmena parlamentarismo trebeago bati. Besarkada bat PSOEko familiari".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere "penatuta" agertu da: "Ordu asko pasatu nituen harekin, guztion hobebeharrez desadostasunak gaindituz eta akordioak landuz. Egia da politika, batez ere, harreman humanoak direla. Dolumin sentituak familiari eta inguru politikoari".

Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruaren esanetan, "espainiar politikako garai bat ezin da ulertu Perez Rubalcaba gabe". "Inork baldin bazuen politika zainetan, hori Perez Rubalcaba zen. Nekaezina, kultua eta gertukoa izan zen".

Sortuk ohar bidez adierazi du, "ikuspegi iraultzaile batetik, bere familiarekiko eta gertuenekiko errespetua gordetzeko momentua" dela: "Batetik, ezker abertzaleak ez du zinismo eta hipokresia ariketarik egingo. Bestetik, eta nolanahi ere, ez da faktura poitikoak pasatzeko unea".

Eneko Compains Sortuko eta EH Bilduko kideak, bide beretik, adierazi du ez dela "pozten" inoren heriotzagatik: "Baina ez dut bat egiten hil berri denaren iragana zuritzeko joerarekin. Euskal Herriko bakearen etsai bat joan da, GALeko buruak babestu zituena eta ehunka euskal herritarren torturen erantzule izandakoa".

PSNk "bakegile eta Nafarroaren lagun" gisa izendatu du Barne ministro ohia. "Erabateko estatista zen Espainiarekiko, espainiarrekiko eta justizia sozialarekiko maitasunagatik. Beti egongo zara gure gogoan, beti. Arin bekizu lurra, adiskide. Goian bego".

Patxi Lopez PSE-EEko diputatu eta Eusko Jarurlaritzako lehendakari ohiak Perez Rubalcaba "euskal sozialista" izan zela esan du, eta esker ona agertu dio "askatasuna konkistatzen lagundu" zielako.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak "minduta" hitz egin du: "Ezinezkoa da Perez Rubalcabari zor diogun guztia adieraztea: askatasunen aldeko borroka nekaezinean, ideia sozialisten, terrorismorik gabeko Euskadiren eta hainbeste maite zuen Espainia haren aldekoan. Euskal sozialismoak ez zaitu inoiz ahaztuko".

Espainiako Errege Etxeak ere "tristura" adierazi du ohar bidez: "Beti oroituko dugu eta beti eskertuko diogu bere ikuspegi instituzional sakon eta etengabea eta bere estatu zentzua Espainiaren zerbitzura emandako bizitza politikoan".

Espainiako Gobernuak doluminak agertu dizkie PSOEko kideei eta Perez Rubalcabaren lagunei, Moncloaren kontu ofizialaren bidez. Bizitza "zerbitzu publikoari" eskaini ziola nabarmendu du, eta "galera konponezina" dela "familia sozialistarentzat eta Espainia osoarentzat".

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak Estatu gizon bat, Espainiaren zerbitzura izeneko artikulua argitaratu du El Pais egunkarian. "Askatasunaren aldeko borrokalaria zen. Alfredo Perez Rubalcabak lagundu zuen herrialde moderno, europar eta demokratiko bat egiten, bete zituen kargu guztietan [...]. "Urte asko sufrimenduz eta ahalegin kolektiboz igaro ondoren, ETAren terrorismoaren amesgaiztoari amaiera eman zion. Talde terrorista zen diktaduratik genekarren beste oztopo handi bat, eta haren jardun kriminalak eragozten zigun esatea Espainiaren historia demokratikoa aitzakiarik gabeko garaipen historia bat izan zela".

Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiaren hitzetan, "aurkari handia izan zen, debate publikoari maila eman ziona". Espainiaren historia garaikideko "pertsonalitate garrantzitsuenetakoa" izan zela nabarmendu du: "Inteligentea, negoziatzaile abila eta dialektikan geldiezina". Rajoy: "Beti defendatu zuen tentuz eta arduraz jokatu behar zela estatu auzietan".

Podemos alderdiak "galera izugarria" dela esan du, gertukoei doluminak ematearekin batera: "Familiari sozialista osoari besarkada estua bidali nahi diogu une gogor hauetan". Aurreratu dutenez, bertan behera utzi dituzte gaurko iragarrita zituzten kanpainako ekitaldiak. Ciudadanosek, PSOEk, PPk eta IUk ere berdin egingo dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.