Gizartea

Tren soziala aldarrikatuko dute Gasteizen, larunbatean

AHTrik ez Lautada plataformak manifestaziora deitu du, tren azkarraren aurka agertzeko, eta herriak eta hiriak lotuko dituen burdinbide bat eskatzeko.

AHTaren aurka, eta tren sozialaren aldeko manifestazioa, iaz, Agurainen. JUANAN RUIZ / FOKU
Jon Rejado.
2019ko maiatzaren 14a
20:11
Entzun

Abiadura handiko trenak ezarri nahi duen ereduaren aurka agertzeko dei egin du AHTrik Ez Lautada plataformak. Larunbatean, 12:30etatik aurrera, San Anton plazatik, tren azkarra egiteko proiektua geldi dezatela eskatuko du. “Gutxiengo pribilegiatu baten” mesederako egindako proiektua dela nabarmendu dute, “herritar guztien diruarekin”.

AHTrik Ez Lautadak gogora ekarri du AHTak hiriburuak lotzea duela helburu, eta landa eremuari egiten dion ekarpena “lurraldeak okupatzea” eta “herriak banatzea” dela. AHTaren bideak lurraldea bitan banatzen duela salatu dute, batetik bestera pasako espazio urriekin.

Proiektu erraldoiaren tokian “tren sozialaren” alde apustu egiteko eskatu dute: herriak, hiriak eta industria guneak lotuko dituen burdinbidea; pertsonak zein salgaiak garraiatuko dituena. Gaineratu dute tren soziala lortzeko gaur egun dauden azpiegiturak gaurkotzearekin nahikoa litzatekeela.

Iruñearekin lotura zehazteke

Plataformako kideek gogora ekarri dute oraindik zehaztu gabe dagoela Euskal Y-a Nafarroarekin lotzeko jarraituko duen bidea. Bi aukera daude mahai gainean: lotura Ezkio-Itxasotik egitea, edota Gasteizen egitea. Lehen aukera da garestiena, eta ingurumen eragin handiena sortuko duena; ordea, Donostia, Bilbo eta Iruñea arteko bidaiak azkarragoak izango lirateke. Bigarren aukera da merkeena, eta ingurumen eragin txikiena eragingo lukeena.

Espainiako Gobernuak aukera adostearen alde egin du, baina bigarrenaren alde agertu izan da. Arabako Foru Aldundiak ere horren alde egin du, baina hainbat zuzenketa proposatu ditu. Proiektua, hasiera batean, gaur egun lautada zeharkatzen duen burdinbidearen ondotik joango litzateke, nagusiki.

AHTrik ez Lautadak garrantzitsutzat jo du gaia hauteskunde kanpainan ateratzea. Horretarako, manifestazioaz gain, alderdi politikoek haien ikuspuntua azal dezaten, mahai ingurua egingo dute datorren asteartean, maiatzaren 21:00etan, Erriberabeitiko (Araba) gizarte etxean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.