Euskara

Euskararen murgiltze sistemak haurrek frantsesa ez ikastea eragin dezakeela uste du Parisek

Eztabaidatzeko "asko" dagoela esan du Jean-Michel Blanquerrek, murgiltze sistemak haurrak "eskualde hizkuntzak" bakarrik mintzatzera bultza ditzakeelako.

Jean-Michel Blanquer eta Isabel Zelaa Frantziako eta Espainiako Hezkunta ministroak. FERNANDO PEREZ - EFE
2019ko maiatzaren 21a
07:05
Entzun

Ahoan bilorik gabe azaldu ditu Frantziako Hezkuntza ministro Jean-Michel Blanquerrek hizkuntz gutxituen irakaskuntzarekiko dauzkan erreparoak. Hain zuzen ere, Frantziako Senatuan aztertzen ari dira hizkuntz gutxituen irakaskuntzaren inguruko lege proiektu bat, eta Emmanuel Macronen exekutiboak horri ikusten dizkion oztopoak agertu ditu. Gobernua beldur da murgiltze sisteman ari diren ikasleek —Iparraldeko ikastoletan, kasu— euren hizkuntz gutxitua bakarrik erabiltzea, frantsesa alde batera utziz. Eredu horrekiko eszeptizismoa azaldu du Hezkuntza ministroak. "Ikuspegi pedagogiko batetik, asko dago eztabaidatzeko. Izan ere, ezagutza aldetik ezin da esan ona denik ikasleak bultzatzea frantses hizkuntza ez ezagutzera eramango lituzkeen egoera batera". Hain zuzen ere, gobernuaren iritziz, murgiltze ereduaren benetako funtsa aztertu behar da plan pedagikoan.

Ministroaren hitzak ez dituzte batere ongi hartu hizkuntz gutxituen irakaskuntza bermatzen ari diren zentroak. Hain zuzen ere, Stephanie Stoll Bretainiako Diwan eskoletako lehendakariak gogor erantzun dio ministroari: "Ez da posible halakorik esatea. Hark oso ondo daki murgiltze sistemak ez dakarrela elebakartasuna, baizik eta elebitasuna bermatzeko eredu bat dela".

Seaska ere arazo handiak topatzen ari da Macronen gobernuarekin. Hain zuzen ere, martxan den ikasturterako 25 irakasle lanpostu eskatu zituzten ikastolek, eta Parisek bost lanpostu eta erdi besterik ez zizkion onartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.