Pablo Ibarrek aurre egin dio epaileari, eta bere kontra aritzea leporatu dio

Urduritasunak gain hartu dio euskal jatorriko estatubatuarrari, biziarteko espetxealdia ala heriotza zigorra ezarriko dioten erabakitzeko epaiketaren saioan.

Pablo Ibar, bere kotrako epaiketaren saio batean. GIORGIO VIERA, EFE
2019ko maiatzaren 21a
07:19
Entzun

Epaileak defentsa abokatuaren hainbat eskari baztertu izanak eta fiskalarenak onartu izanak bere onetik atera du Pablo Ibar. Aulkitik jeiki eta epaileari egotzi dio bere kontrako jarrera izatea. "Nire aurkako zure jarreraren beste adibide bat da hori. Haiek (fiskalek) eskatu, eta zuk eman", zuzendu zaio.

Fiskalak deitutako lekuko baten harira egin du protesta Ibarrek. Ibarrekin heriotzaren korridorean egon zen preso ohi bat deitu du fiskalak. Preso ohi horrek mehatxuengatik salatu zuen Ibar, baina salaketa bertan behera gelditu zen, espetxeko langileek ez ziotelako funtsik ikusi. Salaketa jarri zuen preso ohiari buruko gaixotasun bat atzenan zioten, eta heriotzaren korridoretik atera zuten, tratamendu psikiatrikoa emateko.

Ibar bere onera itzuli da epailearen jarrera kritikatu ondoren, eta saioak aurrera jarraitu du.

Ibar espetxean ezagutu zuen beste lekuko bat deitu du defentsak: Floridako espetxeetan bere ibilbide profesionalaren zati handi bat egin duen Ron McAndrew espetxe langilea. Hark adierazi du harrituta dagoela Ibarrek kartzela barruan izan duen jarrerarekin. Bere jokabidea "akasgabea" izan dela nabarmendu du.

Horrez gain, Ibarren senideek ere beren lekukotza emateko aukera izan dute. Tanya Quiñones emazteak, Steven, Frank eta Michaels anaiek eta Candido aitak epaimahaiari adierazi diote Ibarri dioten maitasuna. Azaldu dutenez, Ibar "eragin on bat" izan da beti beren bizitzetan, eta haren izaera "begirunetsua", "bihozbera" eta "errukitsua" dela ziurtatu dute.

Espainiaren AEBetako enbaxadore Santiago Cabanasek ere deklaratu du. Ibarrena "salbatzea merezi duen bizitza bat" dela defendatu du.

Ibarrek 16 urte egin ditu heirotzaren korridorean, eta ia 25 urte daramatza preso. 2000. urtean zigortu zuten heriotza zigorrera. 2016an, ordea, epaia indargabetu zuen Floridako Auzitegi Gorenak, haren kontrako frogak urriak eta ahulak zirela iritzita. Beste epaiketa bat egiteko agindu zuen. Bigarren aldi horretan ere hiru hilketaren erruduntzat jo zuen epaileak Ibar. Senideen esanetan, epaiketan agerian gelditu zen frogen zaintzan eta ikerketan izan ziren irregulartasunak.

Oraingo epaiketan, Ibarri bizi osoko espetxe zigorra ala heriotza zigorra ezarri erabaki behar du epaileak. Ibarri ezarri beharreko zigorraren erabakia epailearena izango bada ere, epaimahiak bere gomendioa emango du. Heriotza zigorra gomendatzekotan, epaimahaia osatzen duten 12 kideen adostasuna derrigorrezkoa da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.