Pablo Ibarren auzia

Heriotza saihestu du Ibarrek, eta epaiketa berriz egitera joko du

Aho batez erabaki behar zuen epaimahaiak heriotza zigorra, eta ez da hala gertatu. Bizi osorako espetxealdia ezarri dio. Errugabea dela berretsi du defentsak, eta epaiketa berriz eginarazteko asmoa duela aurreratu du, prozesu luzea izango den arren.

Pablo Ibar, gaurko auzi saioan. AMY BETH BENNETT / EFE
jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 23a
07:33
Entzun

Heriotza zigorra ez jartzeko, Ibarrek behar zuen epaimahaiak erabakia aho batez ez hartzea, gutxienez kideetako batek ez onartzea, eta hala gertatu da azkenean. Fort Lauderdaleko herri epaimahaiak (Florida, AEB) erabaki du Pablo Ibarri bizi guztiko espetxealdia jartzea, eta heriotza zigorra ez ematea.

Euskal jatorriko estatubatuarrari egotzi diote hiru pertsona hiltzea. Ibarrek 46 urte ditu, eta 24 urte daramatza preso; horietatik 16, heriotzaren korridorean. Aurreko asteko ostiralean abiatu zuten epaiketaren azken fasea, sententziari dagokiona, eta asteazken gau honetan jakinarazi dute zigorra, AEBetan 17:30 inguru zirenean.

Erabakia ez da irmoa. Heriotza zigorra ezarri ez arren, Ibarren defentsa ez dago konforme erabakiarekin, errugabea dela uste baitu. Hala, epaiketa berriz egiteko eskatuko duela iragarri du. Apelazio Auzitegi Federalean egingo du hori. "Hau ez da prozesuaren bukaera, lasterketa luze baten hasiera baizik", esan du Heriotza Zigorraren Aurkako Pablo Ibar elkarteko presidente Andres Krakembergerrek.

Oraingoarekin, bigarrenez zigortu dute Ibar. 2000n ere egin zuten, baina heriotza zigorra ezarri zioten orduan. Hala ere, frogak ahulak zirela argudiatuta, epaiketa berriro egiteko agindu zuen Floridako Auzitegi Nagusiak. Azken hilabeteetan eginiko epaiketan ere errudun jo dute, ordea. Hala egin zuen iragan urtarrilaren 19an, oraingo epaimahai berberak. Oraingoan, baina, ez diote heriotza zigorra ezarri.

1994an hiru pertsona hiltzea egozten diote Ibarri: Floridako ostalaritza klub baten jabea eta han lanean ziharduten bi neska. Hori gertatu eta hamazazpi egunera atxilotu zuten, droga trafikoarekin loturiko liskar batean. Horretan aritzen zela aitortu izan du Ibarrek, baina beti ukatu du klubeko gertakarian izan zela.

Ibarren aurkako akusazioan gako izan dira hilketa izan zen lekuan zeuden segurtasun kameren grabazio batzuk eta han topatu zuten elastiko bateko DNA arrasto batzuk. Bi frogatan irregulartasunak daudela salatu du Ibarren defentsak: irudiei buruz, ez delako argi ikusten hiltzailearen aurpegia —epaiketan, FBIko perituek berretsi egin zuten hori—, eta bideoaren zati batzuk desagertu egin direlako auzibidean; eta DNA frogei dagokienez, horien zaintza ez zelako behar bezala egin, fiskalak manipulatu egin zituela salatu du defentsak.

Fiskala, gogor

Herri epaimahai batek —bost gizonek eta zazpi emakumek osatutakoa— jo du erruduntzat Ibar, eta pertsona horiek beraiek ezarri diote zigorra orain. Erruduntzat jotzeko aho batez erabaki behar zuten; baita heriotza zigorra ezartzeko ere. Baina, azkenean, ez da hala gertatu. Aste honetako auzi saioetan, defentsaren helburua izan da da gutxienez epaimahaikideetako batek atzera egitea, eta, beraz, heriotza zigorra saihestea. Bizitza osorako espetxe zigorra jarri diote orain, beraz.

Defentsaren estrategia izan da deklaratzera deitzea Ibarren senideak, lagunak eta ezagunak, heriotza zigorrak haiengan izanen lukeen eragina azaltzeko: besteak beste, auzipetuaren 7 eta 12 urteko bi semeen oinarrizko eskubideen aurkakoa izango litzatekeela argudiatu dute defentsa abokatuek. Ibarren gertukoez gain, aste honetako saioetan ere hitz egin dute Santiago Cabanas Espainiako Estatuak AEBetan duen enbaxadoreak eta Candido Creis Miamiko kontsulak. Auzi saioan ere izan da 2000. urtean Ibar heriotzaren korridorera eraman zuen epailea, fiskalak deituta.

Aldeek azken argudioak aurkeztu dituzte asteazken honetan epaimahaikideen aurrean. Aldaketarik ez da egon batzuen eta besteen jarreretan: fiskalak beti egin du Ibarri heriotza zigorra ezartzearen alde. Hilketaren uneko irudiak erakutsi ditu, behin eta berriz. "Horrelakoa da aurrean duzuen pertsona", esan die epaimahaiko kideei. Defentsak, aldiz, auzipetua errugabea dela erakutsi nahi izan die, epaiketan izan diren ustezko irregulartasunak seinalatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.