Errugbia

Baiona azken segundoan igo da Top 14ra

21-19 irabazi dio Briveri Bustos Moyanok 80. minutuan sarturiko zigor kolpeari esker eta Lehen Mailan ariko da heldu den sasoian.

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 26a
16:00
Entzun

Baionak balentria handia egin du Pauen. 21-19 irabazi dio Briveri Pro 2ko finalean eta horri esker Top14ean ariko da heldu den sasoian. Partidak, gainera, bere heroi propioa izan du: Martin Bustos Moyano. Esana du taldea utziko duela, baina profesionala izan da azken partidara arte, eta hark partidako azken jokaldian hagen sarturiko zigor kolpe bati irabazi du. Behin partida bukatuta Baionatik joaniko 10.000 zaleek ezin izan diote emozioari eutsi eta Paueko zelaira jauzi egin dute. Euten talde kutuna Frantziako errugbiaren elitera itzuli da, eta han lehiatuko da heldu den sasoian. 

Baiona lapurditik joaniko zale uholdearekin babesarekin zelairatu da Pauen. Babes handia bai, baina ez nahikoa Brive lotzeko. Izan ere, lehen ordu erdia sufrikario hutsa izan da Baionarentzat. Bere zelaian sartuta pasa du, aurkarien erasoak nola edo hala oztopatuz. Alde handia zen jokoan, baina markagailuan, Brivek errenta txikia lortu baitu 3-6 (14. min.). Sufritzen jakitea, baina bertutea da, eta Baionak gora egin du zatiko azken hamar minutuetan. Bi zigor kolpe eragin, eta baliatu ditu, eta 9-6 zen aurretik atsedenaldian.

Zaleak itxaropentsu ziren, lehen zatia ikusita, aurretik egotea sari handia zen. Are gehiago bigarren lehen minutuan Ordasek beste zigor kolpe bat baliatu ondoren (12-6, 41. min.). Alde polita zen, baina Brivek gaina hartu du jokoan. Oso goian presionatzen hasi dira, Baionako jokalariak estu hartzen. Oldarkortasun horrek 50. minutuan jaso du saria, Brivek entsegua, eta transformazioa lortu dituenean (12-13). Zalantzazko jokaldia izan da, Briveren aurkako zigor kolpea adierazi zezakeelako, baina ez du halakorik egin.

Taldeari harrera egingo diote iluntzeko 20:30ean Baionan bertan.

 

Entseguaren ondoren minutu urduriak iritsi dira. Bi taldeek hutsak egin dituzte, eta bina zigor kolpe egin dituzte. Brive aurretik zen 62. minutuan (15-19). Baiona gorriak ikusten ari zen, bain hain partida taktiko batean edozer gauza gerta zitekeen. Entsegu bat behar zuen, eta erasora jo du. Zigor kolpea eragin du berriz eta 18-19 gerturatu da (75. min.). Bost minutu falta ziren eta baloia Brivek zuen. Miraria behar zuen, eta gertatu egin da. Brivek, urduri, zigor kolpea egin du zelai erdian (78. min.), eta Baionak eskasa bilatu du. Atera, abantaila eragin, eta Brivek falta egin du berriz. Bustos Moyanok zigor kolpea zuen berriz, hagetatik 25 metrora. Zain zegoela iritsi da erlojua 80. minutura, eta argentinarrak ez du hutsik egin. Hark eraman du Baiona Top 14ra, eta eromena Baionako karriketara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.