Sexu erasoak

Bilboko talde bortxaketako auzipetuei hamahiruna urteko kartzela zigorra jarri diete

Biktimaren sexu askatasuna urratzea egotzi diete, eta haren nahasmendu egoeraz baliatuta tratu "laidogarria" ematea

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat, Bilbon, iazko abuztuan. MONIKA DEL VALLE, FOKU
arantxa iraola
2019ko maiatzaren 28a
07:25
Entzun

Bizkaiko Auzitegiak eman du epaia: Bilboko Solokoetxe auzoan 2017ko urtarrilean taldeko bortxaketa bat egin zuten hiru gizonek hamahiruna urteko espetxe zigorra bete beharko dute. Hilaren 9an hasi zen epaiketa, eta bertan sartzerik ez zen egon. Jakin dira, hala ere, auzibideari buruzko hainbat jakingarri: esaterako, segurtasun kamerek grabatutako irudiak ikusi ahal izan direla saioetan. Erasoa, hain zuzen ere, grabatuta geratu zen. Biktima 18 urteko emakume gazte bat zen orduan. Orain sententziak zigortu dituen bi gizonezkok 20 urte zituzten; besteak, 28. Kartzelan egon dira orain arte ere, sententziaren zain. Emakumearen sexu askatasuna urratzeagatik jarri diete zigorra, eta erasoaren irudiak grabatu eta zabaltzeagatik.

Fiskaltzak 80 urteko kartzela zigorra eskatu zuen hiru akusatuentzat. Akusazio partikularrak, ehun urte baino gehiagokoa. Fiskaltzak, zehazki, 26 urte eskatu zituen bi gizonentzat, eta bat gehiago hirugarrenarentzat. Akusazio partikularrak 38-39 urte arteko zigorrak eskatu zituen. Biek kontakizun bera berretsi zuten epaiketan: janaria saltzeko makinak dauden toki batean inguratu, eta bortxatu egin zuten hiru gizonek emakume gaztea. Horretarako baliatu ziren, gainera, haren nahasmendu egoeraz, alkohola edanda baitzegoen. Hiru gizonek andreari tratu "laidogarria" eman ziotela ebatzi du sententziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.