Biziko lau kide atxilotu dituzte Donibane Lohizunen

Macronen argazkia lapurtzearekin lotuak bide dira atxiloketak, mugimendu altermundialistak salatu duenez. Elkarrretaratzea egin dute 18:00etan, Donibane Lohizuneko komisariaren aitzinean.

Atxilotutako Bizi-ko kideen argazkiak, Macronen argazkien atzean. BIZI
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko maiatzaren 28a
07:27
Entzun

Biziko lau kide atxilotu dituzte gaur Donibane Lohizunen. Mugimendu altermundialistak salatu duenez, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen bost argazki lapurtu dituzte goiz honetan Senpere, Arrangoitze, Bidarte, Donibane Lohizune eta Getariko (Lapurdi) herriko etxeetan, eta horrekin lotuta egon litezke atxiloketak; kide gehiago ere egon litezke atxilotuak Biziren arabera. Atxiloketak salatzeko, elkarretaratzera deitu dute 18:00etarako, Donibane Lohizuneko komisariaren aitzinean.

Orain dela hiru hilabete hasi ziren Macron presidentearen argazki ofizialak "errekisionatzen". Uztaritze eta Miarritzekoak izan ziren lehenak, eta Donibane Garazi eta Maulekoak ere kendu dituzte. Lapurtutako argazkiak eskutan, agerraldia egin zuten Miarritzeko herriko etxearen aitzinean, “Klima, justizia soziala, non da Macron?” galderarekin, klima aldaketaren parean gobernuaren “erantzunik eza” salatzeko. Frantzian ere egin dituzte gisa bereko ekintzak ANV-COP 21 taldekoek, besteak beste. 

Apirilaren 5ean, Biziko bost kide Baionako komisariara deitu zituzten, taldean eginiko lapurreta leporatuta. Biziko kideek ez deklaratzea erabaki zuten, eta aske utzi zituzten. Mugimendu altermundialistak adierazi duenez, ondoko asteetan hamar epaiketa izanen dira, argazkien lapurretetan parte hartu duten 36 aktibistaren kontrako. Horietako lehena gaur hastekoa zen Frantziako Bourg-en-Bresse herrian. Bizik erran du aktibista horiei sustengua erakusteko ekintza direla gaurko argazki lapurretak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.