Altzairugintza

Arcelor Mittalek produkzioa murriztuko du Europan

Alemaniako, Frantziako eta Espainiako lantegietan iragarri ditu aldi baterako geldialdiak; ez, ordea, Euskal Herriko lantegietan

ArcelorMittalen planta Avilesen, Asturiasen (Espainia), artxiboko irudi batean. J. L. CEREJILDO / FOKU
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 29a
07:52
Entzun

Arcelor Mittal altzairugintzako erraldoiak jakinarazi du murrizketa plan bat ontzen ari dela Europan daukan produkzioa merkatuaren eskarira egokitzeko; hau da, produkzioa jaitsiko du Europako lantegietan. Oraingoz, konpainiak jakinarazi du murrizketek eta geldialdiek Dunkerqueko plantei (Frantzia), Eisenhuttenstadtekoei (Alemania) eta Asturiaskoei (Espainia) eragingo dietela. Zuzendaritzak ez du adierazi murrizketak eraginik izango ote duten konpainiak Euskal Herrian dauzkan plantetan: Bizkaiko Sestaon, Etxebarrin, Basaurin eta Derion; Gipuzkoako Olaberrian, Bergaran eta Hernanin; eta Nafarroako Lesakan, Legasan eta Berriobeitin.

Enpresak bi arrazoi aipatu ditu ohar batean Europako lantegietan produkzioa jaisteko: “Merkatuaren eskari ahula eta Europaren altzairu inportazio  handia”. Joan den maiatzaren 6an iragarri zuen konpainiak Europan urtero hiru milioi tona altzairu gutxiago ekoitzi nahi dituela, eta Asturiasko fabrikan 700.000 tona gutxiago ekoitziko dituela.

Geert van Poelvoordek, enpresako kontseilari ordezkariak, adierazi du “aldi baterako erabakia” dela, eta “merkatuko baldintzak hobetu ahala” ohiko produkzio mailetara bueltatuko direla Arcelor Mittalen plantak. “Beste erabaki zail bat izan da” produkzioa aldi betarako murriztea, Geert van Poelvoorden esanetan, baina uste du “erabaki zuhurra dela, merkatuaren ahultasuna kontuan hartuta”. Altzairuaren sektorea 2014az geroztik ari da salatzen Txinaren altzairu inportazio merkeek sektorean eragindako kaltea.

Euskal Herriko lantegiei dagokienez, murrizketa handia 2016an egin zuen Indiako multinazionalak: itxi egin zituen Zumarragako lantegia —315 behargin zituen— eta Sestaokoa —346 langile zituen—, nahiz eta gero Zumarragako planta txatarra banatzeko zentro bilakatu eta Sestaoko ACB oso su txikian jarri berriz ere martxan, lantalde erdia  ingururekin eta produkzioaren %14an. LABek dagoeneko 2017an salatu zuen Mittal multinazional indiarrak 2007an Arcelor bereganatu zuenetik hamarkada batean 1.758 lanpostu desegin zituela Euskal Herriko lantegietan, bertako langileen %51. Sindikatuek salatu izan dute altzairuaren sektorean geratzen direnentzat krisia ez dela desagertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.