Euskal presoak

Aitzol Iriondo euskal presoaren lagunek istripua izan dute

Etxerat-ek berri eman duenez, Moulins-Yzeurera (Frantzia) bidean izan zuten ezbeharra ostiral gauean. Ez zen inor zauritu, eta bisita egin ahal izan zuten. Protestara deitu dute Etxerat-ek eta Sarek.

Sakabanaketaren eta urruntzearen aurkako protesta bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2019ko ekainaren 1a
15:34
Entzun

Moulins-Yzeureko (Frantzia) espetxera bidean izan zuten auto istripua Aitzol Iriondo euskal presoaren lagunek,Etxerat-ek berri eman duenez, Montluçonetik gertu —Euskal Herritik 620 kilometro ingurura—. Bost ordu eta erdi zeramatzaten bidaian, eta espetxera iristeko ordubete inguru falta zitzaiela izan zuten ezbeharra, baina kalte larririk izan ez zutenez, bidaiarekin jarraitu ahal izan zuten. Iriondo 2008an atxilotu zuten, eta 20 urteko zigorra ezarri zioten 2013an. Duela bi urte, berriz, hamabi urteko beste zigor bat ezarri zion Parisko Auzitegi Kriminalak.

Etxerat-ek gogora ekarri duenez, sei istripu izan dituzte aurten euskal presoen senide eta lagunek. 13 pertsona izan dira kaltetuak, tartean, 23 hilabeteko haur bat. "Onartezina da euskal preso politikoen senide eta lagunen kontrako mendeku eta txantaian oinarritutako politika oraindik martxan egotea", salatu du senide eta lagunen elkarteak, eta mobilizaziora deitu ditu herritarrak.

Astelehenean, Iruñean egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Bilbon eta Gasteizen, 19:30ean elkartuko dira asteartean, hurrenez hurren, Arriaga plazan eta Andra Mari Zuriarenean. Azkenik, asteazkenean, Donostiako Bulebarrean egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan.

Sareren protesta, gaur

Sarek ere elkarretaratzea egingo du gaur, Lasarteko Zabaleta auzoko jaietan, 21:00etan. Bertsolarien saioa amaitu ondoren egingo dute protesta, "sakabanaketa politikaren amaiera eskatu eta preso guztien berehalako Euskal Herriratzea" eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.