Italiako GIroa

Richard Carapazek irabazi du aurtengo Giroa

Mikel Landak gutxigatik ez du lortu podiumean sartzea: Primoz Roglicengandik zortzi segundura geratu da, laugarren postuan.

jarraia167191.jpg
2019ko ekainaren 2a
09:00
Entzun

Lasterketa abiatu aurretik, inor gutxik sartzen zuen hautagai nagusien multzoan, baina lehen postuari heldu, eta eutsi dio Richard Carapaz txirrindulari ekuadortarrak. Bera igo da gaur podiumeko koskarik goenera. Joan den asteko larunbatean jarri zen lider, bakarkako erakustaldi batekin, eta urrats ia erabakigarria egin zuen astearteko etapan, Primoz Roglici (Jumbo VIsma) 1.22 aterata. 23:19 egin du gaurko erlojupekoan. Ia bi minutuko aldea zuen VIncenzo NIbalirekiko (Barhain), eta ondo eutsi dio lehen postuari. Giroa berea zela jakitean, "azaldu ezineko sentimenduak" izan dituela esan du aurtengo txapeldunak.

17 kilometroko erlojupeko zen gaurkoa. Veronan hasi eta amaitu da, eta Torricelleko igoera (4,1km eta %4,8) gainditu behar izan dute txirrindulariek. Ustekabekoa emanda, Chad Haga estatubatuarrak irabazi du etapa. Pello Bilbaok zazpigarren egin du, hamazazpi segundura.

Hirugarren postua gertu izan du Mikel Landak (Movistar), baina azkenean ezin izan du podiumera igo arabarrak. Uste baino okerrago aritu da Roglic, baina nahikoa izan du, gutxigatik, Landari lekua kentzeko. Laugarren postuan amaitu du Landak, zortzi segundura. 22.33 egin du Roglicek, eta 23.04 Landak. Erlojupeko ona izan du Landak, baina ezin izan dio hirugarren postuari eutsi.

Pello Bilbaok ere ez du erraz ahaztuko aurtengo Giroa. Bi garaipen handi eskuratu ditu Astanakoak atzo Avena mendian lortutakoarekin. L'Aquilan egin bezala, indarra eta adimena uztarturik irabazi zuen Dolomitetako etapa handia.

Atzokoan ere euskal txirrindulariek aparteko zeresana eman zuten. Pello Bilbaok (Astana) irabazi zuen, Mikel Landaren (Movistar) aurretik, eta arabarra podiumeko postuetara igo zen. Mikel Nieve (Mitchelton) ere amaieraraino aritu zen garaipenaren borrokan, eta zazpigarren izan zen azkenean.

SAILKAPEN NAGUSIA:

1- Richard Carapaz: 90.01.47

2- Vincenzo Nibali: +1.05

3- Primoz Roglic: + 2.30

4- Mikel Landa: +2.38

5- Bauke Mollema: +5.43

6- Rafael Majka: +6.58

7- Miguel Angel Lopez: +7.26

8- Simon Yates: +7.49

9- Pavel Sivakov: + 8.58

10- Ilnur Zakarin: +12.14

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.