Bizkaiko metalgintza

Akordio gabe amaitu da Bizkaiko metalgintzako ituna negoziatzeko bilera

Sindikatuen arabera, patronalaren edukiak ez dira aski izan, eta hilaren 6 eta 7rako deitutako greba egunei eutsi die. FVEMek, bere aldetik, sindikatuei arduragabekeriaz aritzea egotzi die, negoziazioa martxan egonda grebara deitu dutelako.

jarraia167206.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko ekainaren 3a
15:49
Entzun

Aurreko bileran egindako proposamen bateratuarentzako erantzuna espero zuten gaur, eta iritsi da. Bizkaiko metalgintzako ituna negoziatzeko mahaira FVEM patronalak eraman duen proposamena ez da nahikoa izan ELA, LAB, CCOO eta UGTrentzat. Ostegun eta ostiralerako deituta zituzten greba egunei eusten die, beraz.

Patronalaren ustez, ordea, “arduragabekeria handia” izan da negoziazio mahaia martxan egonda bost eguneko greba deialdia egin izana, eta “enpresei zein sektoreko langileei zuzenean eragingo diela” gaitzetsi du. FVEMek ohar bidez azaldu duenez, proposamen berri bat egin dute mahai gainean, eta urtarrilaren 1etik soldatak %3,4 igoko lirateke. Hala ere, aurreko itunean adostutako malgutasun erregimenari eusteko eskaera egin dute.

Sindikatuek balorazio laburra egin dute ohar baten bidez, baina bihar BECen hasiko den +Industry azoken atarian agerraldi bateratua egingo dute negoziazio mahaiaren nondik norakoak azaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.