Ardogintza

Arabako upategi txikien elkarteak atzera egin du, eta ABRA da berriro

Arabako Errioxako upategien elkarteak ABE izena hartu zuten joan den apirilean, Euskadiko upategien elkartea, eta aldaketa horrek eragindako ika-mikaren ostean, berriro Arabako Errioxako erreferentzia berreskuratu du.

Arabako Errioxako mahasti batean bilketa egiten, iaz. IÑIGO URIZ / FOKU
xabier martin
2019ko ekainaren 6a
20:30
Entzun

ABRA Arabako Errioxako upategi txikien elkarteko zuzendaritzak atzera egin behar izan du, elkarteari izena aldatu eta txakolin zein sagardo ekoizleekin elkarlana errazteko ekimenari ekin ondoren. Elkarteko bazkideak ez daude prest Arabako Errioxako erreferentzia galtzeko, eta elkartearen izen berriak "Euskadiri" erreparatzen zion, ABE izendatu baitzuten, Euskadiko upategien elkartea. Bada, horrek eragindako ika-mika handiaren ondoren, aparteko batzarra deitzeko eskaera nahikoak elkartu, eta izena lehengoratzea lortu dute hainbat upategik.

109 upategi dira ABRAko kide, eta horietatik 76k parte hartu dute gaurko batzarrean, Guardian (Araba). 54k babestu dute ABRAren izena berreskuratzea; beste 19k ABEren izenaren alde egin dute; eta hiruk abstentziora jo dute. Joan den apirilean, ABRAko batzarrak ABE izena onartu zuen, 20 kideren parte hartzearekin. 30 urte eta gero, Arabako Errioxako upategien izena aldatu zen, txakolin ekoizleei ere lekua egin nahian.

Batzarrera joan ez ziren upategi askoren ezinegona eragin zuen horrek, baita erakundeena ere, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek argi adierazi zuenez. Arabako prentsaren zati handi batek ere kapaina bati ekin zion izen aldaketaren aurka, eta ABRAko zuzendari Ines Baigorrik auzia politizatu egin zela salatu zuen. Dena den, Baigorrik ohartarazi zion BERRIAri gerta zitekeela ABRA izena berreskuratzea, horretarako nahikoa borondate azaltzen bazen kideen artean. Horixe gertatu da, eta txakolin ekoizleekin batera lobby bateratua eratzeko saioak bide laburra izan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.