Gizartea

Getariako jarduneko alkatea zigortu dute, taberna bateko zarata dela eta

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ebatzi du Nika Lertxundik ez zuela erabakirik hartu taberna baten “kutsadura akustikoari” konponbidea jartzeko. Zazpi urtez ezin izango du lanpostu publikorik izan.

Nika Lertxundi, Getariako jarduneko alkatea. ARITZ MUTIOZABAL / UROLA KOSTAKO HITZA
Jon Rejado.
2019ko ekainaren 10a
07:11
Entzun

Nika Lertxundi Getariako jarduneko alkatea prebarikazioa egiteagatik zigortu dute, ingurumen gai batean esku ez hartzeagatik. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zazpi urtez lanpostu publikoa izateko debekua ezarri dio. Azken hauteskundeetan Lertxundi ez zen alkategai gisa aurkeztu; EH Bilduren zerrendetan 11. postuan joan zen, azkena, eta ez zuen ordezkaritzarik lortu. Bestetik, epaitegiak Lertxundiren aurreko alkatea, Andoni Aristi, absolbitu du, zarataren gaiari heldu ziola argudiatuta. Zarataren nondik norakoak aztertzeko ikerketa bat eskatu zuen.

Lertxundiri zigorra ezarri dio epaileak, frogatutzat jo duelako ez zuela esku hartu taberna baten “kutsadura akustikoa” saihesteko. Epaileak azaldu du 2014ko uztailean hasi zela arazoa. Tabernako jabeak musika oso altu jartzen zuen, eta horrek bizilagunen kexak eragin zituen. Bizilagunei osasunean ere eragin ziela frogatutzat jo du epaileak. “Lertxundik eskumena zuen erabakiak hartzeko, zarataren iturria kaltea eragiten jarrai ez zezan”, hausnartu du epaileak, baina “era arbitrarioan” jokatu zuela gaineratu du.

Horrez gain, epaileak zarata eragin zuen tabernako jabea zigortu du. Hiru urte, sei hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri dio, 1.200 euroko isuna, eta tabernari bezala lan egiteko debekua urte batez. Horrez gain, tabernari ohiak zortzi bizilagunei 23.000 euroren kalte-ordainak eman beharko dizkie, guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.