Gizartea

Legebiltzarrak ez du tramitatuko ustelkeria salatzen dutenak babesteko legea

Elkarrekin Podemosek egin du proposamena, eta EH Bilduren babesa jaso du. EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute, eta PP abstenitu egin da. Eusko Jaurlaritza legea aintzat hartzearen kontra agertu da.

Osakidetzako oposizioetan iruzurra salatu zutenei babesa azaltzeko elkarretaratzea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jon Rejado.
2019ko ekainaren 13a
14:28
Entzun

Eusko Legebiltzarrak ez du aintzat hartu ustelkeria salatzen duten pertsonei babesa emateko legea. Elkarrekin Podemosek aurkeztu du lege proposamena. Helburua zuen tresna bat abiaraztea, administrazio publikoan zein sektore pribatuan "ororen ongiaren" aurka doan ustelkeria salatzen dutenak babesteko. Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk lege proposamena aintzat hartzearen alde bozkatu dute. EAJk eta PSE-EEk, aldiz, kontra egin dute. PP abstenitu egin da, eta, ondorioz, bertan behera geratu da proposamena: 27 boto alde, 37 kontra, eta 8 abstentzio.

Azken urteetako iruzur salaketak oinarri hartuta aurkeztu du proposamena Elkarrekin Podemosek. Cristina Makazaga legebiltzarkideak gogora ekarri ditu De Miguel auzia, Osakidetzako lan eskaintzaren afera edota Pinosolo kasua. Gogorarazi du kasu horietan iruzurra salatu zutenen kontrako "errepresaliak" egon direla. "Hori arautzen duten erakundeak ondo daude, baina egoera horien berri ematen duenak sentitu behar du eskubideak babestuta dituela".

Proposamenean ageri zen, besteak beste, iruzur abisuak jasotzeko bulego bat sortzea. Legebiltzarraren ardurapean legoke, eta bi funtzio nagusi lituzke: salatariak babesteko neurriak betearaztea, eta salaketak egiaztatzeko eta ikertzeko prozedurak tramitatzea. Horrez gain, lege proposamenak salatzailearen eskubideak xehatzen zituen (anonimotasuna, segurtasuna, babesa...), baita legea ez betetzeagatik zer zigor jarri ere.

EAJko legebiltzarkide David Latxagak Elkarrekin Podemosi ohartarazi dio "argudio sendoak" falta dituela proposamenak. Aurkeztutako testua "orokorregia" dela uste du.  Are, gaineratu du gaiari heltzeko beste ekinbide batzuk bidean daudela. "Bat etor gaitezke Elkarrekin Podemosek administrazio publikoaren aurkako ustezko delituekin duen kezkarekin, baina baditugu Eusko Legebiltzarrean horretaz aritzeko proposamenak". Hain zuzen, Latxagak Makazagari iradoki dio "gogo handiagoarekin" parte hartzeko gardentasun legearen garapenean.

EH Bilduko legebiltzarkide Larraitz Ugartek "interes falta" egotzi die aurka bozkatu duten taldeei. "Uste dugu eztabaidari bide eman behar zaiola, abusuekin amaitu behar dela, mehatxuekin amaitu behar dela". Euskobarometroaren datuak gogorarazi ditu Ugartek: herritarren %81ek ez ditu inoiz salatzen iruzur delituak. "Oso adierazgarria da, eta esango nuke %81 baino gehiago direla, zeren oraindik orain ez baitakigu noraino heltzen den sisteman dagoen ustelkeria". Erantsi du iruzurra salatu duten askok jasan dituztela aurkako neurriak. "Baina iruzurragatik salatutako politikariak jarduera publikoetan daude".

Makazagak, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, nabarmendu du gizarteak "iruzurraren kontzientzia" hartu duela. Salatu du Eusko Jaurlaritza lege proposamenaren aurka agertu zela, "nahiko modu harrigarrian". Jaurlaritzaren ustez, izan ere, gai horri heltzeko badago beste lege proiektu bat: gardentasunari eta herritarren parte hartzeari buruzko legea. Elkarrekin Podemosek salatu du gobernuak ez dituela aintzat hartu lege horretarako zuzenketa batzuk, eta bi legeak aldi berean gara daitezkeela aipatu du. Areago, Makazagak iragarri du legebiltzarrak azkenean onartu beharko duela orain atzera botatako proposamena, Europako Parlamentuak onartutako zuzentarau bat da eta.

PSE-EEko legebiltzarkide Natalia Rojok Makazagari leporatu dio "titular" bat lortu nahi izatea, eta ez iruzurraren aurka egitea. "Iruzurra salatzen dutenak babestu nahi izan balitu, Elkarrekin Podemosek ahalegin handiagoa egitea zuen gardentasun legea tramitatzeko lanetann". Rojok gogorarazi du legebiltzarrak aintzat hartu zuela EH Bilduren lege proposamen bat, iruzurraren aurkako bulego bat sortzeko. "Orain ikusi behar dugu nola uztartzen dugu gardentasun legea EH Bilduren proposamenarekin".

PPk arrazoi teknikoak eman ditu abstentzioa azaltzeko. Angel Javier Ruiz de Arbulo legebiltzarkidearen ustez, lege proposamena "positiboa" izan daiteke, baina ohartarazi du testuaren garapena ez dela "zuzena". "Ez dator zuzenbidearekin bat, eta ezinezkoa da gerora egindako zuzenketen bitartez hori bideratzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.