Fiskaltzak sei urteko zigorra eskatu du Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari ohi Victor Bravorentzat

EAJko senatari ohia ere izan zen Bravo. 2003 eta 2006 artean Ogasun publikoaren aurkako hiru delitu egin izana egozten dio Fiskaltzak. Irailetik aurrera hasi dira Glass auzia epaitzen Donostiako epaitegian.

Victor Bravo, artxiboko argazkian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2019ko ekainaren 19a
21:03
Entzun

Glass Costa Este Salou izeneko enpresa batek "abantaila fiskal nabarmenak" ateratzeko operazio bat "planifikatu" izana egotzi die Gipuzkoako Fiskaltzak Victor Bravo EAJko senatari ohi eta Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari (1991-2003) ohiari eta enpresa hartako administratzaile bati. Glass auziko akusazio idatzia aurkeztu du Fiskaltzak, eta Ogasun publikoaren aukako hiru delitu egozten dizkio Bravori. Sei urteko espetxe zigorra eskatu du haren eta Glass Costa enpresako administratzaile baten aurka.

Fiskaltzaren idatziaren arabera, 2003 etas 2006 artean, Glass Costa enpresak "Gipuzkoako erregimen berezia" baliatu zuen, hala, "abantaila fiskal nabarmenak" eskuratuz. Hori egiteko, "saihetsezina" zen egoitza fiskala Gipuzkoan ezartzea, eta horretarako Gipuzkoako "legeei izkin egiteko estrategia bat" diseinatu zuten auzipetuek, Fiskaltzaren esanetan. "Bravok ondo ezagutzen zuen lurraldean ezarri beharreko araudi fiskala". Hirugarren auzipetu bat ere badago; enpresaren egoitza haren Donostiako aholkularitza bulegoan jarri zuten. Fiskaltzaren esanetan, "enpresen benetako habi bat" zen bulego hura. Glass Costa enpresako administratzaileak, berriz, Bravoren jabetzako bi etxe jarri zituen bizileku gisa.

Estatuaren abokatuak Fiskaltzak baino zigor handiagoa eskatu du: bederatzi urtekoa. Bravok berak, ordea, akusazioak baztertu ditu. Auzipetuak nabarmendu du Glass Costa "erabat Gipuzkako kapitalarekin" egin zutela, bera ez zela inoiz enpresaren administrazio kontseiluan egon, eta beraz, "egokia" izan zela egoitza fiskala Gipuzkoan ezartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.