Memoria Historikoa

Martxoaren 3ko biktimek salaketa aurkeztu dute NBEn

Espainiako Justiziak Gasteizko gertakariak ikertzeari uko egin dio hiru prozesu judizialetan. Elkarteak gogorarazi du Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak 2015ean Espainiaren "zigorgabetasun politika" salatu zuela.

Martxoak 3 elkartearen agerraldi bat, joan den otsailaren 27an. ENDIKA PORTILLO, FOKU
2019ko ekainaren 20a
12:54
Entzun

Martxoak 3 elkarteak NBE Nazio Batuen Erakundera jo du 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izan ziren gertakariak salatzeko. Astelehenean aurkeztu zuen salaketa. Elkarteak adierazi du bere burua "behartuta" ikusi duela nazioarteko erakundeen babesa bilatzera, Espainiako Estatuaren "zigorgabetasun politika" dela eta. Salatu duenez, Espainiak behin eta berriz ukatu die frankismoaren biktimei dagokien aitorpena eta ordaina. "Uko egiten dio frankismoko diktadurak gizateriaren aurka egin zituen krimenak ikertzeari eta epaitzeari".

Elkarteak azaldu du NBEren Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu duela salaketa. Batzorde horren ardura da Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna sinatu duten estatuek ituna betetzen dutela zaintzea. Espainiako Estatuak 1977. urtean sinatu zuen itun hori. Giza Eskubideen Batzordeak salaketa tramiterako onartzea espero dute, eta ondoren auziaren muinari erantzutea, "argi gelditu dadin Espainiako Estatuak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratzen duela".

Nabarmendu duenez, NBEren Giza Eskubideen Batzordearen ebazpenak eta irizpenak lotesleak dira. Elkarteak gogorarazi du Espainiako Auzitegi Gorenak hala jaso zuela 2018ko uztailaren 17ko epai batean.

NBEera jo aurretik, hiru prozesu judizial hasi eta amaitu ditu Martxoak 3 elkarteak Espainiako epaitegi eta auzitegietan, eta Espainiako Justiziak hiruretan baztertu du Gasteizko gertakariak ikertu eta, hala badagokio, epaitzeko eskaria.

Elkarteak gogorarazi duenez, NBEren Giza Eskubideen Batzordeak estatuaren "zigorgabetasun politika" salatu zuen 2015ean Espainiari zuzendu zizkion oharretan, frankismo garaian izandako eskubide urraketen gaineko "ikerketa eta auzibide falta" dela eta. NBEk Espainiari egindako oharrek "ebazpen positibo batean" jarraipena izatea espero dute orain biktimek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.