TXIRRINDULARITZA

Klasiko parekidea

Abuztuaren 3an jokatuko dute Donostiako Klasikoa, eta estreinakoz, gizonezkoen lasterketaz gain, emakumezkoena ere jokatuko da. Diru sari berberak banatuko dituzte

Julian Eraso, Leire Olaberria eta Martin Ibabe. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2019ko ekainaren 20a
19:12
Entzun

Aldaketarena izango da Donostiako Klasikoaren 39. ekitaldia. Aldaketarena, estreinako aldiz gizonezkoen lasterketaz gain, emakumezkoena ere jokatuko baitute heldu den abuztuaren 3an. «Iaz agindu genuena bete dugu. Beste pauso bat eman nahi genuen parekidetasunerantz, eta eman dugu», esan du gaur Julian Eraso Donostiako Klasikoko zuzendariak, aurkezpenean.

Sarietan ere izango da parekidetasuna, bi probetako irabazleek diru bera jasoko baitute. «Berditasunaren aldeko konpromisoari eusten diogu. Iaz, lehen pausoa eman genuen, Kontxako Banderaren sariak berdinduta, eta hau beste urrats bat da», azaldu du Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kirol eta Gazteria zinegotziak.

Gizonezkoen Klasikoarekin alderatuz, emakumezkoena ez da Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunaren (UCI) maila nagusikoa, hau da, ez da World Tourrekoa. Hain zuzen ere, Klasikoa jokatuko duten egun berean World Tourreko beste proba bat izango da Londresen. Antolatzaileak, hala ere, baikor dira, eta espero dute World Tourreko ziklista askok parte hartzea. Hala, Leire Olaberria emakumezkoen probako zuzendariak jakinarazi duenez, Annemiek van Vleuten herbeheretarrak (Mitchelton-Scott), UCIren sailkapeneko lehenak «oso egokitzat» jo du lasterketa, eta ondo bidean, irteeran izango da. Hemezortzi talde ariko dira, 126 txirrindulari guztira.    

Gizonezkoen lasterketa bezala, Donostiako Bulebarrean hasi eta amaituko da —azken 50 kilometroak berberak izango dira bi mailatan—. Goiz-eguerdi partean jokatuko da, 10:00etan hasiko baita, eta 13:30ak inguruan amaitu. 127,1 kilometro egingo dituzte, 2.693 metroko desnibelarekin. Ibilbide oso gorabeheratsua eta gogorra izango da, lau mendate igoko baitituzte: Jaizkibel —7,5 kilometro eta %5,9—;  Arkale —2,6 kilometro eta %6,7—; Mendizorrotz —7,7 kilometro eta %5— eta Murgil Tontorra —1,9 kilometro eta %10,2—. Azken bi gainak Murgil bidetik igoko dituzte.  

Olaberriaren arabera, «lehen ekitaldia antolatuta, txirrindulari askoren ametsa bete da». Halaber, garrantzitsutzat jo du sariak berdindu izana, baina are gehiago telebistak proba ematea. «Ziklistek nahi dutena da jendeak ikus ditzala». Horregatik, eskerrak eman zizkion ETBri, 12:00etatik aurrera zuzenean emango baitu proba.

Emakumezkoen lasterketa hasi baino ordu eta erdi geroago hasiko dira pedalei eragiten gizonezkoak, 11:30ean. Beraz, bi probek bat egingo dute bi orduz. Horregatik, antolatzaileek «erronkatzat» jo dute egitekoa, eta «laguntza» eskatu dute, dena behar bezala irten dadin.  

Gizonezkoen 39. aldiak ere baditu zenbait berritasun ibilbidean. Lasterketaren lehen erdia iazkoaren berbera da: Meaga —3,7 kilometro eta %3,4—, Iturburu —7,1 kilometro eta %5,8—, Alkiza —4,4 kilometro eta %6,1— eta Jaizkibel  —7,5 kilometro eta %5,8—igoko dituzte, hurrenez hurren. Bigarren erdia, ordea, berria da. Hala, Arkale, Jaizkibel eta Arkale igo ordez, Erlaitzi —4,1 kilometro eta %10,3—, eta Mendizorrotzi egin beharko diote aurre txirrindulariek. Murgil bidetik igoko dute bigarren gaina. Azken mendatea, berriz, iazko bera izango da: Murgil Tontorra. 227,7 kilometro egingo dituzte guztira, 5.268 metroko desnibel positiboarekin. 22 talde ariko dira, horietatik hemezortzi World Tourrekoak, eta lau gonbidatuak. Tartean izango dira Euskadi-Murias eta Caja Rural Euskal Herriko taldeak. Guztira 154 txirrindularik parte hartuko dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.