Hezkuntza

Kalitatezko euskarazko irakaskuntza defendatu dute Seaskako eta eskola publikoetako eragileek

Donapaleun Departamenduko auzapezen elkarteko bilera zegoela baliatuta, protestak egin dituzte ikastoletako eta sare elebiduneko irakasle eta gurasoek, eta ohartarazi dute egun ezin dela bermatu euskarazko irakaskuntza.

jarraia168147.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko ekainaren 26a
07:20
Entzun

Datorren ikasturtean 30 irakasle postu gehiago behar ditu Seaskak, eta hamahiru bere gain hartuko ditu. Parisek hamar gehiago pagatzea eskaini du, baina beste zazpi faltako lirateke oraindik. Haserre dira sare publikoan ere Frantziako Gobernuak ez baitu baimenik eman euskarazko murgiltze sistemaren esperimentazioa beste hiru eskolatan jartzeko, eta heldu den ikasturteean ikasgela batzuetan ikasle kopurua ez delako errespetatuko -leku batzuetan bost maila ezberdinetako 30 ikasle elkartuko dituzte ikasgela berean-.

Horiek hala, bat egin dute gaur biek, eta protestak deitu dituzte Donapaleun, Olivier Dugrip Bordeleko errektorea eta Pierre Barriere akademia ikuskaria departamenduko auzapezekin biltzekoak zirela baliatuta. Goizean, bilkura izan dute zenbait irakaslek eta guraso elkarteetako ordezkariek errektorea eta akademia ikuskariarekin. Sare publikoko Biga Baiko guraso elkarteko presidente Marie Andre Ouretek azaldu duenez, ez da aurrerapausorik izan elkarrizketetan, nahiz eta segurtatu dieten mantendu egingo dutela lizeoetan hiru edo lau ordu euskaraz egiteko dotazio berezia.

Hori baino gehiago nahi dute, ordea, Seaskako eta sare publikoko eragileek. Hala azaldu du Amaia Boloki Euskara Geroan elkarteko kideak: "Kalitatezko euskarazko irakaspen bat nahi dugu, bai Seaskan eta baita sail pribatu eta publikoetan ere". Ohar argia helarazi du Nagore Ruizek, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko irakasleak: "Irakasle postuak lortzen ez baditugu, ikasleek, gurasoek eta irakasleek pairatuko dugu".

Protestan zehar tentsio uneak ere izan dira manifestariak auzapezen bilkurara sartu direnean, bilera etenaz. "Hemen gaude euskararen alde" oihu eginez sartu dira, Mac Brisson senataria hitza hartzera zihoala. Etenaldia ez da bilduta zeudenen gustukoa izan eta Alain Sanzek, Departamenduko auzapezen elkarteko presidenteak, arrabotsik ez egiteko eskatu die, bilkura bukatzean haien aldarrikapenak entzuteko prest zirela baieztatuta. "Ez gara autistak", erran die. Autistak ez iraintzeko eskatu diote publikotik haserre. Azkenean, eztabaida txiki baten ostean, manifestariak bilkuratik irten dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.