Abdenami Mellaseren aldeko kanpaina abiatu dute

Fiskaltzak 2 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra,  2.500 euroko isuna eta Hego Euskal Herritik eta Espainiatik 5 urteko kanporatze agindua eskatu ditu Abdenabi Mellase Huerta de Peralta enpresako langilearen aurka.

Jendetza bildu da Abdenabi Mellaseren aldeko kanpaina aurkezpenan. BERRIA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko ekainaren 27a
17:57
Entzun

Abdenabi Mellase Huerta de Peralta enpresako langilearen aldeko kanpaina abiatu du LAB sindikatuak Abdenabi libre eta gurekin. Huerta de Peralta: borroka ez da delitua izenpean. Huerta de Peralta enpresako langilea da Mellase eta Fiskaltzak 2 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra, 2.500 euroko isuna eta Hego Euskal Herritik eta Espainiatik 5 urteko kanporatzeko agindua eskatu du, autoritatearen aurkako delitua egitea egotzita. Marokoar herritartasuna du Mellasek eta atzerritarren legeak bete-betean jotzen du. Epaiketarako datarik ez dute zehaztu oraindik.

Gaur goizean aurkeztu dute kanpaina eta manifestua Iruñeko Justizia Jauregi parean. LAB sindikatuko kideez gain Iruñea Harrera Hiria eta Paperak Denontzat elkarteko kideak ere bertaratu dira aurkezpenera. Manifestuak dagoeneko 60 elkarte baino gehiagok eta 500 norbanakok baino gehiagok sinatu dutela adierazi dute.

"Kanpainarekin Abdenabiren aurkako kargu guztiak kentzea nahi dugu" nabarmendu du Begoña Huarte Iruñea Harrera Hiria plataformako kideak. Migratzea, antolatzea eta borrokatzea ezin direla delitu izan azpimarratu du Huartek: "Abdenabik gurekin lan egiten eta bizitzen jarraitzea nahi dugu".

Houssine Yagoubi Huerta de Peraltako enpresa batzordeko lehendakari eta LABeko delegatuak ere hartu du hitza eta salatu du enpresarekin hitzarmen duina lortu ondoren etorri direla isunak eta zigorrak. Auzipetuaren egoeraz ere mintzatu da da Yagouni: "Abdenabik dio ez duela ezer egin. Gaizki dago ez duelako ezer egin eta zigortu nahi dutelako”.

Aurkezpenaren ondotik Abdenabi Mellase mintzatu da prentsa aurrean: " Foruzaingoak salatu nau, baina, zin egiten dut nik ez dudala deus egin". Jasotako elkartasuna eskertu du eta eskerrak eman dizkie bertaratutako denei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.