Kataluniako Parlamentuan izan da Foro Soziala

Insitut Catalá Internacional per la Paurerekin Bartzelonan antolatutako jardunaldien harira izan dira parlamentuan. PP eta Ciudadanos ez beste alderdi guztiek parte hartu dute batzordean. ETAren eta Espainiako estatuaren biktimak izan dira bertan.

Foro Sozialeko kideak eta askotariko biktimak, atzo, Bartzelonan. FORO SOZIALA
2019ko uztailaren 1a
15:33
Entzun

Ikasturtea ixten ari da Foro Soziala egunotan Bartzelonan. Bihar izango da askotariko biktimen azken topaketa, Bartzelonako Kazetarien Eskolan. Axun Lasa, GAL-en biktima, Robert Manrique eta Rosa Lluch ETAren biktimak eta Andoni Txasko Espainiako Poliziaren biktima elkartuko dira.

Gaur, berriz, Rosa Maria Cabré —Hipercorreko atentatuan hil zuen ETAk haren ama— eta Foro Sozialeko Tasio Arrizabalaga, Teresa Toda eta Agus Hernan ere Kataluniako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordean izan dira, bilera batean. Bost biktimek bere bizipenen berri eman dute billkuran, eta, ondoren solasaldia egin dute han bildutako parlamentariekin. Josep Maria Forner (Junts per Catalunya), Jose Rodríguez eta Ferran Civit (ERC), Esther Niubó (PSC), Marc Parés (Catalunya en Comú-Podem) eta Carles Riera eta Aina Tello (CUP) izan dira bertan. Gainera, ICIPeko Xavier Masllorenç eta Kristian Herbolzheimer ere egon dira.

Bai Lluchek eta baita Cabrék ere nabarmendu dute "entzuten zaituztela sentitzea" oso garrantzitsua izan dela, eta horregatik eskatu diete instituzioei hutsune horiek betetzeko: "Horiek mina sortzen dute". Bestalde, Manriquek eskatu du "biktimen aniztasuna" errespetatzeko: "Indarkeri mota askotariko biktimak daude". Gleencreeko topaketak ekarri ditu gogora Lasak: "Elkar entzutea eta jasandakoa konpartitzeak" izandako garrantzia azpimarratu du. 2012an eman zuten topaketa horien berri, baina aurretik ari ziren askotariko biktimak elkartzen: "Egitea posible zela ikusi genuen, gerturatzea posible zela gure mina eskuetan hartu, eta beste biktimengana joatea". Biktima gisa aitortua izateko izan dituen trabez ohartarazi du, bestalde, Txaskok.

Topaketak, bihar

Ordezkari politikoekin bildu ostean, bihar egingo dute solasaldia aipatutako lau biktimek, 18:30ean. ICIPek jakinarazi du Foro Sozialarekin elkarlanean ari diela, eta bidea egiten segituko dutela. Ordezkari politikoek, berriz, hitz eman dute biktimen eskakizunak aztertuko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.