FUTBOLA

Espainiako Liga hasteko, Athletic-Bartzelona

Valentzia-Reala, Alaves-Levante, Mallorca-Eibar eta Leganes-Osasuna izango dira euskal taldeen partidak Espainiako Lehen Mailako lehen jardunaldian.

2019ko uztailaren 4a
09:18
Entzun

Gaur eguerdian egin dute Espainiako Lehen Mailako 2019-2020ko denboraldiaren egutegiaren zozketa. Athleticek eta Alavesek etxean jokatuko dute sasoiko lehen partida: bizkaitarrek Bartzelona txapelduna hartuko dute San Mamesen; arabarrek, berriz, Levanteren bisita hartuko dute Mendizorrotzan. Beste hiru euskal taldeek etxetik kanpo jokatuko dute —Eibarrek eta Realak kanpoan jokatzea eskatu dute lehen hiru jardunaldietan, estadioetan obrak egiten ari baitira—. Hala, donostiarrek Valentziari egingo diote bisita, eibartarrek Mallorca igo berriari, eta iruindarrek Leganesi. Irailaren 16an, 17an, 18an eta 19an jokatuko dituzte lehen jardunaldiko norgehiagokak.

Bost euskal talde egonda, 20 derbi jokatuko dituzte. Lehena bigarren jardunaldian jokatuko dute Osasunak eta Eibarrek, Sadarren, irailaren 23an, 24an, 25ean edo 26an. Astebete geroago, berriz, Athletic eta Reala izango dira aurrez aurre, San Mamesen.

Denboraldiko azkeneko jardunaldian, berriz, Athleticek Granadan (Espainia) jokatuko du; Realak, Madrilen, Atletico Madrilen aurka; Eibarrek, Vila-realen (Herrialde Katalanak); Alavesek Bartzelona hartuko du; eta Osasunak, Mallorca. Maiatzaren 24an, 25ean, 26an edo 27an jokatuko dituzte sasoiko azkeneko partidak. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.