ARRAUNA

Oriok eman du lehen kolpea Coruñan

Orioko gizonezkoen eta emakumezkoen traineruak azkarrenak izan dira aurreneko jardunaldian. Eusko Label ligan, lidergoa sendotu dute, eta Euskotren ligan, lehen postua berreskuratu.

2019ko uztailaren 6a
21:35
Entzun

Egun handia izan da gaurkoa Oriorentzat Coruñan (Galizia). Bertako Banderako lehen jardunaldia jokatu dute Eusko Label eta Euskotren ligatan, eta bietan nagusitu dira traineru horiak. Gizonezkoetan, Oriok lau segundo atera dizkio Santurtziri, 11.40 Hondarribiari eta 15,20 Urdaibairi. Ez da alde erabakigarria bihar eguerdian eremu berean jokatuko duten bigarren jardunaldiari begira, are gehiago haizea emanda dagoela kontuan hartuta. Baina oriotarrek bideratua utzi dute garaipena. Balio du, ordea, Eusko Label ligako sailkapenean lehen postuan sendotzeko: 58 puntu ditu Oriok, bederatzi gutxiago Santurtzik eta Hondarribiak (49), eta hamabi gutxiago Zierbenak (46).

Euskotren ligan ere oriotarrek bideratua dute bandera. Izan ere, lehen jardunaldia jokatuta, 5,68 segundoren aldea dute Arraun Lagunak-ekiko. Askoz atzerago daude Hondarribia —22,28ra— eta Donostiarra —33,02ra—. Gaurko lanari esker, Orio da berriro lider Euskotren ligan: 11 puntu ditu, Arraun Lagunak-ek baino bat gehiago, Donostiarrak baino sei gehiago —bost— eta Hondarribiak baino zazpi gehiago —lau—. 

KAE 1 ligan, Zarautzek lehen postua indartu du, Plentzian (Bizkaia) irabazita. 3,90 atera dio Deusturi, 13,12 Donostiarra B-ri eta 15,16 Getariari. Sailkapen nagusian, zarauztarrek 58 puntu dituzte, Deustuk 54, eta Donostiarrak-ek eta San Juanek 44. 

Eta oriotarren eguna biribiltzeko, KAE 2 ligan, Orio B gailendu da Mutrikun (Gipuzkoa). 3,76 atera dio Castro Canteras de Santullan, 16,05 Bermeo B-ri eta 16,78 Getxori. Sailkapen nagusian, lehen postuan sendotu dira oriotarrak. 41 puntu dituzte, Castro Canteras de Santullanek 35 eta Bermeo B-k eta Getxok 34. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.