Politika

EAJk eta PSEk Gasteizko udal gobernurako ituna sinatu dute

Seina departamendu kudeatuko dituzte jeltzaleek eta sozialistek. Oposizioari "irekita" dago akordioa, bi alderdiek nabarmendu dutenez.

Jose Antonio Suso, Gorka Urtaran, Maider Etxebarria eta Cristina Gonzalez, gaur, akordioa sinatzeko ekitaldian. GASTEIZKO UDALA
Edurne Begiristain.
2019ko uztailaren 8a
14:02
Entzun

Gasteizko Udalerako gobernu akordioa sinatu dute gaur goizean EAJk eta PSEk. Akordioak "pertsonak" izango ditu erdigunean, Gasteiz "hiri erakargarriagoa" bilakatzeko eta "bizi kalitate handiagoa" izateko, bi alderdietako ordezkariek nabarmendu dutenez. Lau urteetarako koalizio gobernua sinatu dute jeltzaleek eta sozialistek, eta horren berri eman dute gero Gorka Urtan Gasteizko alkateak, Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidenteak, Maider Etxebarria PSEko bozeramaileak eta Cristina Gonzalez Arabako PSEko idazkari nagusiak, udaletxean. Urtaranek azpimarratu duenez, akordioaren helburua izango da Gasteiz "superhiria" bihurtzea eta Europako "erreferente" bilakatzea bizi-kalitateari, lehiakortasun ekonomikoari eta iraunkortasunari dagokionez.

Lortutako akordioarekin, seina departamendu kudeatuko dituzte EAJk eta PSEk. Jeltzaleek, alkatetzaz gain, honako sailak kudeatuko dituzte: Kirola, Ogasuna, Giza Baliabideak, Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintza, eta Mugikortasuna. Sozialisten esku, berriz, honakoak geratu dira: Gizarte Politikak, Sustapen Ekonomikoa, Hiri Segurtasuna, Hezkuntza eta Kultura, Udal Administrazioa eta Hiritarren Partehartzea eta Gardentasun saila.

Alkatearen hitzetan, "ezberdinen" arteko akordioa da lortutakoa, eta "elkarrizketa" eta "elkar ulertzea" du oinarri. Ideia berbera azpimarratu du PSEko bozeramaileak ere: "Berriro erakutsi dugu gure desadostasunen gainetik, gure interesa dela Gasteiz hiri hobea bihurtzea". Bi alderdiek nabarmendu dute oposizioko taldeei "irekita" dagoela ituna, beti ere "batzeko" helburua badute.

Ardatzak eta proiektuak

Hainbat erronka jaso ditu gobernu akordioak, tartean, segurtasuna, auzoetan eta industrialdeetan inbertsioak egitea, kalitatezko enplegua sortzea, AHTren etorrera, integrazioa eta bizikidetza. Horiek hala, besteak beste, hoako egitasmoak eta proiektuak martxan jartzea aurreikusi dute legealdian: Forondako aireportua sendotzea, autobus elektrikoa ezartzea, tranbia hedatzea, Tokian-tokiko Garapenerako Agentzia sortzea, Salburua-Zabalgana ekobulebarra egitea trenbidearen lurperatzeak libre uzten dituen lur sailetan, Principal Antzokia eraberritzea,eta Mendizorrotza berria eraikitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.