Sexu erasoa

Gizon bat atxilotu dute sanferminetan izandako eraso bat dela eta

Komun publiko batean izan dira "ukituak". Erandion ere 41 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Beste gizon bat atxilotu dute Antsoainen, Munichen eta Madrilen izandako bortxaketa batzuk direla eta.

Sexu erasoak salatzen dituen zapi bat. IDOIA ZABALETA (FOKU)
2019ko uztailaren 8a
07:54
Entzun

Egunotan Iruñean izandako sexu eraso bat ikertzen ari da Polizia. Hala jakinarazi du Enrique Maia alkateak, Babes Zibileko kideekin izandako bilera baten ostean. Biktimak salaketa jarri eta ordu gutxitara atxilotu dute gizona. Maiak, halere, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du. Adierazi du erasoa "abusu" bat izan dela ustez, eta ez dutela "beharrezkotzat" jo sexu erasoen aurkako protokoloa martxan jartzea.

Ez da azken egunotan izan den eraso bakarra. Emakume bati sexu erasoa egin zioten larunbat goizaldean, Erandion (Bizkaia). Erasoaren harira, 41 urteko gizon bat atxilotu zuen igandean Ertzaintzak, auto baten barruan emakumeari eraso egitea egotzita. Udalak irmoki salatu du erasoa, eta bihar egingo den elkarretaratzera joateko dei egin die herritarrei. Bihar arratsaldean izango da, 20:00etan, Erandioko metroaren Altzaga geltokian. Udalak elkartasun osoa adierazi dio erasoa pairatu duen emakumeari, eta beharrezko laguntza eskaini die berari eta familiari.

Eraso hauez gain, Espainiako Poliziak Alemanian iaz izandako bortxaketa baten ustezko egilea atxilotu du Antsoainen (Nafarroa). Alemaniako Poliziak igorria zuen hura atxilotzeko agindua, eta Europolek Iruñean egon zitekeela ohartarazi zien poliziei. Atxilotua 27 urteko gizon bat da. 2018ko irailean Munichen (Alemania) neska bat bortxatu izana leporatzen diote. Horrez gain, poliziek uste dute zerikusia duela Torrejon de Ardozeko (Madril) diskoteka batean emakume bati egindako beste sexu eraso batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.