Uholdeen ondorena

Uholdeek eragindako kalteak aztertzen ari dira erakunde publikoak

Tafallako Udalak diru laguntzak eskatu dizkie Nafarroako eta Espainiako Gobernuari. Ingurua "hondamendi eremu" izendatzea galdegin dute.

Tafallako kale bat, uholdeek arrastaka eramandako autoekin eta hondakinekin blokeatuta. IñIGO URIZ, FOKU
2019ko uztailaren 9a
07:11
Entzun

Goizean goizetik hasi dira lanean Tafallan (Nafarroa) eta inguruetan, uholdeek utzitako kalteei aurre egiteko. Katale materialak handiak dira, eta uholdeen ondorioz pertsona bat hil ere egin da, Ezporogin (Nafarroa). Tafallako eta inguruetako kaleak atzo Zidakos eta Sansoain ibaiek izan zuten indarraren erakusle dira gaur. Urak eramandako autoak ageri dira iraulita eta okerka. Etxetresnak ere ikus daitezke, ura hainbat etxebizitzetara, garajetara eta saltokitara sartu baita. Horrez gain, ibaiek eramandako adarrak eta hondakinak ageri dira kale lokaztuetan.

Herritarrak kalera irten dira goizeko lehen orduan, hondakinak biltzera eta ingurua garbitzera. Tafallako Udalak, berriz, Babes Zibilak, udaltzaingoa, Foruzaingoa Guardia Zibila eta garbiketa zerbitzua bildu ditu lanak koordinatzeko. Udalbatzak ezohiko bilkura egin du ondoren. Udalak aho batez onartu du kalteei aurre egiteko diru laguntzak eskatzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuari galdegin dio uholdeak "hondamendi gertakari" gisa aitor ditzan, eta Espainiako Gobernuari kaltetutako ingurua "hondamendi eremu" izendatu dezan.

Horrez gain, udalak hiru mahai sortu ditu. Bata, teknikoa; kalteak aztertu eta zenbatzeko. Kalteak "oso handiak" zirela aurreratu zuten atzo, eta egunak argitu ondoren ikusitakoak berretsi egin du atzoko ustea. Urak etxebizitza eta saltoki ugari hondatu ditu. Tafallako arkitektoa eraikinak nola dauden aztertzen hasia da. Udalak beste mahai bat sortu du kalteak jasan dituzten herritarren harrerarako, eta hirugarren bat herria garbitzen langundu nahi duten herritarrak koordinatzeko. Udalak aurreratu duenez, auzolana "ezinbestekoa" izango da normaltasunera itzuli ahal izateko.

Bizilagun ugari kezkatuta daude jasan duten kalte handiagatik. Espronceda kaleko burdindegiko langileak etsita mintzatu dira, ibaiak bizitza osoko lana eraman dielako. Lokatz artetik aritu dira ateratzen baliagarriak zaizkien tresna eta objektuak. "Hau hondamendia da",  adierazi dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.