Iragarpen meteorologikoa

Ezohikoa eta muturrekoa

Aemetek ezin izan zuen aurreikusi zer-nolako indarra izango zuen ekaitzak, eta, bereziki, zenbat iraungo zuen. Peio Oria arduradunak aitortu du "berandu" iritsi zirela.

Tafallarrak, goizean, garbiketa lanetan. IñIGO URIZ, FOKU
jokin sagarzazu
2019ko uztailaren 9a
11:40
Entzun

Ez zuten halakorik espero Aemet Espainiako Meteorologia Agentzian, eta aitortu dute "berandu" iritsi zirela. 17:00etan ezarri zuten abisu laranja; ordurako hasia zen ur jasa. "Bagenekien ekaitz indartsuak egongo zirela, eta eguerdirako eman genuen abisu horia. Gero etorri zena ezin izan genuen aurreikusi". Halako ekaitz "berezien" berri izateko egun  "zailtasun teknikoak" dituztela argudiatu du Peio Oria Nafarroako Aemeteko arduradunak. Haren hitzetan "ezohikoa eta muturrekoa" izan baitzen atzokoa. Ekaitz perfektua. "Euri askokoa, eremu jakin batera mugatutakoa, eta luze —bi-hiru ordu— iraun zuena".

Oriak azaldu duenez, ekaitz indartsuak "ohikoak" izaten dira Nafarroako ingurune horretan, uda-udazken partean: "Ia urtero izaten da baten bat". Baina ez halako ezaugarriekin. Gertatutakoa ez dute arrotz meteorologoek, eta arrazoiak zein diren badakite: gisako ekaitzak gertatzen dira fronte erdiestatiko hertsiengatik. Oriak azaldu duenez, Iberiar penintsulatik aire hotz poltsak sartzen dira. Ohikoena da Ebro ibaiaren ibilbidearen erdiko tarteetan biltzea. Hainbat kilometroko hodei bertikalak sortzen dira —atzokoak, hamalau kilometro ingurukoak—. Geldirik geratzen dira ekaitzak, eta ur kantitate handiak botatzen dituzte, indar handiz. "Baina normalean denbora labur batean".

Hortaz, atzokoak badu "berezitasun" bat, ezohikoa bihurtzen duena, Oriaren arabera: iraun zuen denbora, bost-sei ordu. Aldea ikusteko, iazko uztailaren 13an Tafallan bertan jazo zena jarri du adibide moduan. "Ur handia bota zuen, baina hamabost minutu baino ez zuen iraun ekaitzak; ez zuen arazorik eragin ia".

Kopuruei dagokienez ere, Nafarroako Aemeten "aurrekari gutxi" dituzte, inguruko herrietan behintzat. 1999ko irailean, Lergan metro koadroko ehun litro jaso zituzten; 1987ko urrian, Esan, 140 litro. Atzo, kopuru handienak Lerga eta Izkoko mendilerroaren artean jaso ziren, Getadarren: 160 litro —han inguruan atzeman dute ekaitzagatik hildakoa—; eta Tafallan, 100 litro.

Adituek iragarri zuten euri jasa handiak izango zirela atzo arratsaldean Nafarroa osoan, eta leku batzuetan bereziki bortitzak izango zirela. Tafalla eta inguruetan kontzentratu ziren. Iruñean, esaterako, 27 litro metro koadro jaso zituzten. Goizean ez zuen euririk egin, eta bat-batekoa izan zen ur jasa. Tafallan 17:20an hasi zuen, eta ordu erdi lehenago mendi aldean.

Ur kopuruez eta denboraz gain, beste "faktore gakoa" da ekaitzaren kokalekua, Oriaren arabera. "Atzo, hogei kilometroko ratio batera mugatu zen; hortik kanpo, ezer gutxi". Euri kopuru handienak Zidakos ibaiaren goiko parteetan bildu zirela azpimarratu du Oriak, eta horrek egoera "are gehiago" okertu zuela. "Behera egin zuen urak, indar handiz; han pilatutakoari batu, eta dena eraman zuen aurrean". Sei orduan 0,18 metrotik 5,75era igo zen uraren maila Zidakos ibaian.

Aurreikuspenetan egindako "hutsa" bere gain hartu arren, Aemeteko arduradunak azaldu du egun dituzten teknologiekin "oso zaila" dela zehaztea halako ekaitzen "kokaleku zehatza". "Ezin da 24, 12, edo 6 ordu lehenago egin. Halakoetan, ditugun ereduek ez dute beste kasu batzuetan bezala funtzionatzen. Behin ekaitza gertatzen ari dela, hasten gara jarraipena egiten, eta orduan ematen dugu abisua, eta ezartzen dira babes neurriak: ezin dugu gehiago egin. Atzokoa ezohikoa eta muturrekoa izan zen". Abisu laranja ezarri zutenerako, "tamalez", berandu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.