Enpresak

Ikeak ez du saltoki handia zabalduko Iruñean

Suediako multinazionala Cordovillan eraikitzekoa zen azalera handiko saltoki bat, Superser fabrika zaharraren lurretan, eta Nafarroako Gobernuarekin adostu zuen haiek erostea 9,9 milioi euroren truke. Orain, atzera egin du.

Ikea kateko denda bat. DAVID CHANG / EFE
xabier martin
2019ko uztailaren 12a
07:26
Entzun

Iruñean ez da Ikea handirik izango. Suediako konpainiak atzera egin du Nafarroako Gobernuarekin hitzartu zuen akordioan, eta ez ditu erosiko Cordovillako lurrak, Superser fabrika zaharraren ingurua, 33.000 metro koadro. Ikeak jakinarazi du 2015ean adostutako akordiorako oinarria hautsi egin duela, eta ez dituela lur horiek erosiko 9,9 milioi euroren truke; eta beraz, ez duela eraikiko Ikea saltoki handi bat Iruñean.

Ikearen estrategia berria hiriguneen barruko denda txikien alde egitea da; biltegi handiak irekitzeari utzi dio azkenaldi honetan, eta auzoetako saltoki txikiagoak zabaldu ditu. Estrategia horrek esplika dezake Suediako konpainiaren ukoa, edota Cordovillako kokagunea ez duela gustuko orain, eta beste kokagune baten bila dabilela. Kontua da Iruñean luze gabe zabaldu behar zuen saltoki handia ez duela egingo, eta hark eman behar zituen 200dik gora lanpostu ez direlako sortuko.

Hala, Nasuvinsa sozietate publikoarekin egindako kontratua ez da beteko; iraungitzear dago kontratu-promesa hori, Superser zenaren eraikinak botatzen ari direla. Ikeak ia hamar milioi euro pagatu behar zituen luze gabe, edota pagatzeari uko egin, eta erretiratu proiektua. Bigarren aukeraren alde egin du. Negoziazio luzeak egon dira azken urtean, eta Nafarroako Gobernuak ikusia zuen Ikea ez zegoela oso motibaturik proiektuarekin. Gobernuak eskatu zion Suediako konpainiari egoitza nagusia Nafarroan izango zuen enpresa bat eratzeko, zergak Nafarroan pagatzeko.

Saltoki erraldoien bukaera

Edonola ere, Ikearen estrategia erabat aldatu da bere hedapen moduan. Martxoan jakinarazi zuen Norvegian zabaldu behar zituen lau saltoki handi ez zituela egingo. Beraz, pentsatzekoa da konpainiak hartu duen ziabogak zerikusi handia duela Iruñeko proiektuaren saio antzuarekin. Katalunian eta Espainian ere atzera egin du saltoki handiak izango ziren proiektu bitan, Tarragonan eta Sevillan. Galizian, berriz, azalera handiko saltokia behar zuena, hiri erdigunean kokatuko den denda txiki bat bihurtu da, Vigon.

Iruñeko Ikeak 30.000 metroko koadroko saltokia izan behar zuen, eta 2019rako zabalduko zen, gainera. Ikeak Iberiako Penintsulan zabalik zituen proiektu handien artean aurrera doan bakarra Almeriakoa da. Alakanten, adibidez, 107 metro koadroko denda bat zabaldu du, eta ematen du Suediako konpainiaren eredua hori izango dela aurrerantzean. Saltoki handienak hiri barruko makrodendak izango dira, Parisko erdigunean zabaldu duen dendaren antzekoa. Hark 5.400 metro koadro ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.