Biktimak

ETAren jazarpena jasan zuten zinegotziei buruzko txostena aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak

Jazarpenak eragindako mina "handia eta luzea" izan dela eta "ikusgarritasun txikia" izan duela nabarmendu du Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusiak.

Atzo, Miguel Angel Blancoren hilketaren urteurrenean, PPk Gasteizen biktimen monolitoan egin zion lore eskaintza. JON RODRIGUEZ BILBAO, EFE
2019ko uztailaren 12a
07:27
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ETAren jazarpena jasan duten zinegotzien mina aitortzeko eta bizi izan dituzten egoerak ezagutzera emateko txosten bat aurkeztu du gaur. Jazarpen-indarkeria pairatutako zinegotzien jasan zuten bidegabekeriari buruzko txostena (1991-2011) izena jarri dio, eta beste txosten bat garatzera dator. Zehazki, ETAk mehatxatutako pertsonek jasan duten bidegabekeriari buruzko txostena (1990-2011) dokumentuaren parte da. Gobernuak, baina, era bereizian aztertu nahi izan du zinegotzien kolektiboaren egoera.

Ikerketa Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuari enkargatu zion Jaurlaritzak. Jose Ramon Intxaurbe, Eloisa Gonzalez eta Gorka Urrutia ikertzaileek egin dute txostena. Intxaurbe eta Urrutia izan dira lanaren aurkezpenean, Fernandezekin batera. Ikertzaileek azaldu dutenez, ETAk guztira 24 zinegotzi hil zituen, eta, 1998ko su etenaren ostean, inflexio puntua izan zela adierazi dute. Urte horretatik aurrera, zinegotzien kontrako jazarpena eta horiek kontrako erasoak gogortu egin ziren.

Txostenaren arabera, PSE-EEkoak eta PPkoak izan ziren ETAren jazarpena jasan zuten zinegotzien gehiengoa. Ikerlariek gaineratu dute, 2003 urtetik aurrera, jazarpen bereizia jasan zutela ezker abertzalearen zerrenda ilegalizatuek beteko luketen tokia hartu zuten hautetsiek.

Ikerketa kuantitatiboa egiteaz gain, errealitate horren ezaugarri kualitatiboak ere bildu nahi izan dituzte txostenean. Horretarako, sakoneko 14 elkarrizketa egin dituzte. Gehienak, jazarpena jasan duten zinegotziekin. Zinegotzien senide batzuen testigantzak ere bildu dituzte, baina. Zinegotziek aitortu dutenez, senideen sufrimendua izan da antsietate handiena eragin diena. Fernandezek zenbakien atzean dauden herritarren bizipenak nabarmendu ditu. "Pertsona zehatzei buruz ari gara, familia osoei buruz, eta min handi eta luze bati buruz. Min horrek, gainera, ikusgarritasun txikia izan du".

Hori dela eta, Jaurlaritzako ordezkariak mezua bidali nahi izan die biktimei. "Txosten honen bidez, zera adierazi nahi diegu zinegotzi izateagatik mehatxuak edo jazarpena pairatu zuten zinegotziei: jasandako sufrimenduaren jakitun garela, sufrimendu hura bidegabea izan zela eta txosten honetan errealitate hori jaso nahi dela modu ofizialean, biktimekiko elkartasun keinu gisa, eta memoria eraikitzen lagunduko duela sinetsita".

Ikerlariek jaso dutenez, ETAren jazarpena "egunero", eta "etenik gabe" jasan zuten biktimek. "Pairatutako presio eta jazarpen horrek sufrimendu itzela eta sakona eragin zuen, eta isolamendu, bakardade eta mehatxuaren pertzepzio etengabea". Elkarrizketatu batzuek aitortu dute mehatxuak jasotzen hasi eta gutxira gaixotzen hasi zirela. Horietako batzuei trauma osteko estresa diagnostikatu zieten urteetara. Ikerlarien esanetan, elkarrizketatuek gizarteari eskatu diote "bidagebe" jo ditzala pairatu zituzten jazarpen egoerak.

Sarritan mehatxuak toki publikoetan egiten zirela nabarmendu dute txostenaren egileek, eta askotan zinegotzien izen-abizenak aipatzen zirela hartzaileak beldurtzeko. Beste zenbaitek, berriz, etxean ere jaso zituzten mehatxuak eta batzuk etxez aldatzera behartuta ikusi zuten beren burua.

Txostena herritarrentzako eskuragarri dagoela jakinarazi du Jaurlaritzak. Haren iritziz, irakurtzeak "enpatiazko ariketa kolektibo bat" egiteko aukera ematen du, zinegotzi horiek nolako egoerak bizi izan zituzten ulertzeko. Dokumentua Gogora institutuaren gordailuan ere izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.