Hilberria

Emilio Ibarra hil da, BBVAko lehendakari ohia

Enpresari eta bankari ezaguna Madrilen hil da, 82 urterekin, buruko isuri baten ondorioz. 2001ean BBVAko presidentetza utzi behar izan zuen, Jerseyko kontu ezkutuen eskandaluak bultzatuta.

Emilio Ibarra enpresaria, artxiboko argazki batean. SERGIO BARRENECHEA, EFE
xabier martin
2019ko uztailaren 17a
07:24
Entzun

1936an jaio zen, Donostian, baina Bizkaian egin zuen bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena. Familiak hasitako bideari eutsi zion Emilio Ibarra enpresari eta bankariak. Frankista zuen aita, eta Bilboko portuan ainguratutako itsasontzi batean preso zela hil zuten. Familiak enpresa ugari zituen Bizkaian, eta han egin zituen ikasketak Emilio Ibarrak ere.

Ekonomia Zientziak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean, eta Zuzenbidea Valladoliden (Espainia). Aurrez, Bizkaiko hainbat meategi kudeatzen zituen Orconera enpresako kudeatzaile izan zen, baina BBVn egin zuen bere ibilbidearen zatirik handiena. Bilboko Bankuko administrazio kontseiluko kide eta presidenteorde izan zen lehenik; Bilbon egoitza zuten bi bankuek –Bilbao eta Vizcaya— bat egin zutenean, Jose Angel Sanchez Asiain izan zen lehendakari bat egitetik sortu zen banku berrian (BBV) Banco de Vizcayatik zetorren Pedro Toledorekin batera. Pedro Toledo hil zenean, 1989an, Banco de Vizcayakoek bankuaren lehendakaritza Sanchez Asiainen esku utzi nahi ez eta administrazio kontseilua behartu zuten Emilio Ibarra 1990ean presidente izendatzera. Azkenik, 2001ean BBV Argentariarekin elkartu eta BBVA banku berria sortu zutean, banku berriko kopresidente izan zen Ibarra, Argentariako presidente Francisco Gonzalezekin batera.

Jerseyko eskandalua

Espainiako banku handienetan bigarreneko presidentetza utzi eta gero, 2002an, BBVAko fundazioko presidenteorde gisa jarraitu zuen, baita Repsol konpainiaren presidentorde moduan ere. Baina kargu horiek guztiak utzi behar izan zituen 2002. urtearen hasieran, BBVren Jerseyko kontu ezkutuen eskandaluarengatik. Dimisioa eman zuen auzi horretan izandako parte hartzea zela eta.

Kontu ezkutuen auzia 1996. eta 2000. urteen artean gauzatu zen, Argentariarekin bat egin aurretik. Ondarea gorde zuen BBVk paradisu fiskaletan, eta eskandalu horrek eragin zuen Ibarraren bankutik irtetea. Francisco Gonzalezekin batera zeukan kargua, ordutik, soilik Argentariatik zetorren bankariarentzat geratu zen. Ibarrarekin batera, Pedro Luis Uriarte kontseilari ordezkariak ere entitate finantzarioa utzi behar izan zuen.

2017. urtera arte luzatu zen Jerseyko kontuen auzia. Urte horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Ekonomia Ministerioak BBVAri 2008an jarritako isuna, Jersey eta Liechtensteinen bi off shore egitura edukitzeagatik, guztira 37.343 milioi pezetarekin (224,4 milioi euro). Orain bi urte hiru milioi euroko isuna berretsi zuen Gorenak, BBVko zuzendaritzaren pentsioekin lotutako kontu ezkutuak zirela eta. Argentariarekin bat egin ondoren, Bizkaiko bankariak pentsio txikiagoak jasoko zituztela eta, antolatu ziren kontu ezkutuak paradisu fiskaletan.

Kartzelari izkin egiten

Ibarrak izkin egin zion kartzelari, nahiz eta 2005eko azaroan sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, dirua bidegabe erabiltzeagatik. Zigorraren arintasuna zela eta, ez zen kartzelan sartu, eta, gainera, helegite bat jarri zuen epai horren aurka. Auzitegi Gorenak haren alde egin zuen urtebete geroago, eta errugabetu egin zuen. Aldi berean, auzitegi berak bi kontu ezkutuen inguruko auzia artxibatzea deliberatu zuen. Ustelkeriaren aurkako fiskalak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen Ibarrarentzat.

Emilio Ibarraren izena beste hainbat eskandalutan agertu zen, Jerseyko auziaz harago. Esaterako, PSOEren legez kontrako finantzaketaren auzian ere azaldu zen, Filesan. Baina handik ere onik ateratzea lortu zuen, besteak beste, preskripzioa baliatuz.

Finantza alorretik kanpo, Santiago Ibarra anaiarekin batera, Vocento komunikazio taldearen ardura ere —El Correo, Diario Vasco, ABC...— eduki zuen urte luzez Emilio Ibarrak —Ignacio Ibarra haren semea da presidentea—. Horrez gain, Tubos Reunidos eta Corporacion Financiera enpresetako aholkularia ere izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.