Txirrindularitza

Caleb Ewanek ere badu berea

Australiarrak Tourreko lehen etapa garaipena irabazi du Tolosan. Ozta-Ozta gailendu zaio Groenewegeni.

Ewan eta Groenewegen elkar ukitzen Tolosako helmugan. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 17a
07:19
Entzun

Aurtengo Frantziako Tourreko oreka ia sinestezina da. Sei esprinti jokatu dira eta sei irabazle ezberdin izan dituzte. Tolosan (Okzitania), 11. etapan, Caleb Ewanen (Lotto-Soudal) txanda izan da. Australiarrak, hori bai, ozta-ozta pasatu du Dylan Groenewegen (Jumbo) azken zuzengunean. Herbeheretarrak aurretik ekin dio azken ahaleginari, baina Ewanek gutxigatik hartu dio aurrea. Helmugako argazkia behar izan da irabazlea zein zen zehazteko. Zentimetro gutxiko kontua izan da. Sailkapen nagusiari dagokionez ez da aldaketarik egon, eta Julian Alaphilippek (Quick Step) jarraitzen du lider.

Ewanek Tourrean besoak altxatu dituen lehen aldia da, eta, horrenbestez, hiru itzuli handietan garaipenak lortu dituzten txirrindularien multzoan sartu da. Aurretik behin bigarren eta hiru aldiz hirugarren izana zen aurten, baina azkenean atera du arantza. Meritu handiko garaipena da gainera, azken metroetan beste talde batzuek baino babes gutxiago izan baitu. Groenewegenek, aldiz, Teunissen (Jumbo) izan du azken metroetara arte, baina ezin izan du lana borobildu.

Etapari dagokionez, luzea zen eta mendate txikiduna. Esprinta ia saihestezina zen. Hala ere egon da ihesaldia, eta luze jardun dute. Aime De Gendt (Wanty) izan da amore ematen azkena. Helmugatik 4,5 kilometrora harrapatu dute. Etapa lasaia izan da, eta Nairo Quintanak (Movistar) izan du susto bakarra. Helmugatik 30 kilometrora erori egin da, eta tropeletik minutu erdira ibili den arren, kilometro gutxian lortu du tartea jatea.

Ostegunean, Pirinioetara

Frantziako Tourra Pirinioetara iritsiko da ostegunean. Etapa bitxi batekin iritsiko da gainera, ostiralean erlojupekoa jokatuko baita, eta larunbatean Tourmaleteko etapa gogorra. Tropela Tolosatik (Okzitania) irtengo da eta 209 kilometro egingo ditu Bagneres de Bigorreko helmugaraino. Azken laurogei kilometroetan lehen eta maila bereziko mendate bana daude. Aurrenekoa Peyresoude da (13,2 km eta %6,9), eta bigarrena Horquette d'Ancizan (9,9 km.eta %7,7). Azken hori 2011n igo zuten aurreneko aldiz, eta aurtengoa augarren aldia da. Mendate gogorra da,baina tontorra helmugatik 30 kilometrora dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.